Ibarrako Zubizarreta aparkalekua, TAOrik gabe

Ibarrako Zubizarreta aparkalekua, TAOrik gabe

Etxebizitzak egiteko proiektu bat dago martxan Zubizarreta aparkalekuaren eremuan, eta lanekin hasten direnean aparkalekua itxi egingo dute.

Zubizarreta aparkalekua TAO eremu moduan kentzea onartu du Ibarrako udalbatzak. Aho batez onartu zuten, aldeko zortzi botorekin; lau EH Bildurenak, eta beste lau EAJrenak. Joan den ostegunean egindako plenoan eman zuten horren berri.

Berez, eremu hori, Ibarrako udalerriz kanpokoa dela, hau da, eremu hori Tolosa dela, argitu du Mikel Agirrezabala Ibarrako alkateak. «Jabekide batzuena da lur eremua, eta 2011n akordio batera iritsi ginen haiekin, eremuak aparkaleku izaera publikoa izan zezan». TAOren ordenantzan sartzea erabaki zuten.

Arauetan, ordea, etxebizitzak eraikitzeko eskubidea aitortzen zitzaion eremu horri. Eta kontratuan jasota zuten, noizbait hirigintza proiekturik sortzen bazen, kontratua eten egingo zela. «Egun, proiektu bat dago martxan eta kontratu hori eten egin behar izan dugu».

Astelehenetik TAO zerbitzurik ez dago Zubizarreta aparkalekuan, beraz, ordaindu gabe aparka daiteke. Dena den, epe laburreko kontua izango dela adierazi du Mikel Agirrezabalak, obra lanak berehala hasiko dituztenez, Zubizarretako aparkalekua itxi egingo baitute.

Hirigintza proiektua, etxebizitzak egitearena, ez dagokio Ibarrako Udalari. Plazatik Kooperatiba ari da aurrera eramaten.

DENDARIENTZAT ALDAKETA

Ordenantzan sartutako beste erabaki baten berri ere eman zuten osteguneko bilkuran: Ibarrakoak ez diren dendariek aukera izango dute TAO txartela edukitzeko, oraingo kasuan, 60 euroren truke.

Orain arte zaldi fiskalen arabera ordaindu behar izaten zuten, eta autoaren zaldi kopuruaren eta motorraren zilindroen edukieraren araberako prezioa zuten. «Prezio oso altuak ateratzen zitzaizkien batzuei, eta kentzea erabaki dugu», azaldu du Mikel Agirrezabala alkateak.

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.


EGIN ATARIKIDE!