Berri Txarrak-en sarrerak di-da batean amaitu dira

Ataria 2019ko otsailaren 5a

11:00etatik zain ziren batzuk Ibarrako gaztetxearen kanpoan. Dozena bat lagun elkartu da segidan. Ondoren, 14:00ak inguruan, ilara luzatzen hasi da, kultur etxeraino iritsi arte.

Batzuk siesta egin gabe, besteak lanetik edo ikastetxetik lehenago aterata; guztiek nahi zuten Berri Txarrak-en kontzertuko sarrera. 17:00etan zabaldu ditu ateak gaztetxeak, eta ti-ta batean amaitu dira. Ilarako jende guztiarentzat ez dira iritsi, bakoitzak lau erosteko aukera baitzuen. Lortu dutenak pozik, besteak triste, beraz.

Kontzertua otsailaren 24an izango da, 19:00etan. Gaztetxeko ateak 18:30ean irekiko dituzte. "Kontzertuen historiala errepasatuta ikus daitekeenez, bi urte luze joan dira Euskal Herriko areto zein gaztetxeetan bira bat egin genuenetik (2017ko hasiera). Gogotsu gaude beraz, otsaila-martxorako iragarri ditugun 12 saio txiki hauei ekiteko, hauetako leku asko bereziak izan baitira gure ibilbidean", esan du taldeak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!