Auzo oso bat iruditan jasota

Ataria 2019ko urtarrilaren 31

Larunbatean zabaldu zuten Ibarrako San Inazio auzoa iruditan biltzen duen erakusketa, Bizi Nahi elkartean; auzoaren 50 urteen harira egin dute.

Ibarrako San Inazio auzoak 50 urte bete zituen iaz, eta horren baitan erakusketa bat jarri dute martxan Bizi Nahi elkartean. Auzoa sortu zenetik gaur egun arteko irudiak bildu dituzte, eta edonork ikusteko moduan izango dira martxoaren 8ra bitarte.

Iazko udaberrian egin zuten deialdia etxez etxe, jendeak auzoko argazki zaharrak kultur etxera eraman zitzan. Han, eskaneatu egin dituzte eta erakusketan argazki guztiak zintzilik jartzeko prestatu dituzte. Guztira, 60 argazki inguru bildu dituzte. Miren Gurutze Elordi antolatzaileak adierazi duenez, «San Inazio auzoa oraindik sortu gabe zegoeneko irudiak ikus daitezke; lehen nolako festak egiten genituen, nolakoa zen auzoa edo lehengo futbol zelaia ikus daitezke. Duela 30 urte inguru auzoko futbol txapelketa egiten zen, eta hango haurren irudiak ere baditugu».

Larunbat arratsaldean Ibarrako koroaren emanaldiarekin zabaldu zuten erakusketa eta edonorentzat irekita egongo da.   

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!