Argazki zaharrak, denen eskura

Irati Saizar Artola 2019ko urtarrilaren 16a

Juan Jose Arinek 60ko hamarkadan Ibarran egindako ehunka argazki bildu dituzte kultur etxean; otsailaren 2a arte zabalik izango da erakusketa.

60ko hamarkada inguruan Ibarran ateratako argazki historikoak ikusgai daude kultur etxean, otsailaren 2a arte. Garai hartan Ibarrako apaiza zen Juan Jose Arinek atera zituen argazkiak. Geroago, Julen Colmenerori eman zizkion, eta honek, Hauspoa Elkartearen bidez, herriari eman nahi izan dizkio.

Denera, 1.000 argazki inguru bildu dituzte; elkartekoek azaldu dutenez, «herriko eta kaleko bizitza» jaso dute irudiek. Paisaiak, herriko festak, ekintza ezberdinak eta beste ikus daitezke.
Herritarren laguntza

Erakusketan bertan, herritarrei aukera eman diete argazkiei buruzko edozein informazio izanez gero, oharrak post-it batean idatzi eta argazkien aldamenean itsasteko. Horrela, guztien artean, pertsonak identifikatu eta irudiaren inguruko xehetasunak jasoko dituzte.
Erakusketako argazkien kopiak eskuragarri jarri dituzte 0,50 euroren truke.   

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!