‘Un amor perdido' olerki liburua idatzi du Antonia Sanchezek

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 16a, 21:00

Bere bigarren lana aurkeztu berri du Ibarran bizi den extremadurarrak. Bere barne sentimendu eta bizipenak kanporatu nahi izan ditu 68 olerkiz osatu duen liburuan.

Bakardadeari aurre egiteko bidea bilatua du Antonia Sanchez Sanchezek (Ibarra, 1944). «Idatzi egiten dut, buruari beste kontuetan pentsatzen ez uzteko». Bigarren olerki liburua aurkeztu du, Un amor perdido izenburuarekin.

Hamabost urte zituela etorri zen Ibarrara, bere ahizpa eta koinatuarekin Quintana de la Serenaktik (Badajoz, Extremadura). Bere bizitza Ibarran berregiteko hautua hartu zuen, eta bi liburu idatzi ditu ordu ezkero. Lehen liburua, Corazón herido, 1997an argitaratu zuen eta maitasuna  eta desengainua bezalako gaiak ukitzen ditu. Bigarrena, bereziki, bere ahizpa zenari eskaini nahi izan dio.  

Tolosan dagoen Extremadurako La Jara kultura zentroan piztu zitzaion poesiarekiko zaletasuna Sanchezi: «Emakume batek olerkiak errezitatzen zituen zentroan, eta inbidia pixka bat sentitzen nuen». Orri batzuetan olerki zati batzuk idazten hasi zen, eta lagun bati eskatzen zion irakur zitzan. Horietako bat, kultura zentrorako apropos idatzi zuen; emigratzaile baten istorioa kontatu zuen, Extremadurarekiko zeukan sentimendua islatu nahi izan zuen. Olerki hori, Quintana de la Serenan alkate zegoenaren eskuetara iritsi zen, eta oihartzun handia izan zuen Extremadura guztian zehar.    

Barnean dituen kezka eta sentimenduez josi ditu bi liburuak. Pixkanaka-pixkanaka idatzi ditu olerkiak eta denborarekin liburu bat osatzeraino iritsi da: «Oporretara joanda bururatzen zaizkit batzuk, eta bertan idazten ditut. Beste batzuk, ordea, gehiago kostatzen zaizkit, balkoira eta guzti ateratzen naiz inspirazio bila».


Lagun eta ilobek laguntzen diote bere buruan osatzen dituen olerkiak idatzi eta ordenagailura pasatzen. Behin baino gehiagotan errepasatzen du idazten dietena, ordea: «Errepasatu egin behar izaten dut, izan ere, batzuetan hitzak ordenez aldatzen dizkidate, eta hori ez da poesia, ez da nik esan nahi nuena. Zeren, eskutitz bat edonork idatz dezake, baina poesian hitz guztiek bat etorri behar dute».
Azken liburua 68 olerkiz osatu du eta eskuragarri dago Tolosako Elkar, Babel eta Ros liburu-dendetan, 15 euroren truke. Baita La Jara kultura zentroan ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!