"Literatura irakurtzea ez da inoiz futbola izan"

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 13a, 09:00

Osasuntsu ikusten du euskal literatura ibartarrak; ikusgarritasun faltak kezkatzen du, ordea. Horri buelta emateko, eta euskal idazleei babes morala eta legezkoa emateko lanetan dihardu, iazko martxotik.

Ibilbide oparoa osatua du, dagoeneko, Garbiñe Ubedak (Ibarra, 1967). Txikitan zaletu zen marrazten eta idazten, eta euskal filologiako ikasketak bukatu bezain laster hasi zen, Argian, kazetari eta diseinatzaile lanetan. Orduz geroztik hiru liburu idatzi ditu, eta iaz argitaratu zuen laugarrena, Sasieskola izenburupean. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izateko ere hautatu zuten iaz.

Idazle, kazetari, marrazkilari, diseinatzaile eta politikari. Nor da edo zer da Garbiñe Ubeda?

Uste dut idazletik gertuago nagoela politikaritik baino. Ez naiz politikaria, 1991 inguruan zinegotzi izan nintzen Tolosan, baina oso bolada motza izan zen, eta egia esanda ahaztuta daukat garai hura.

Beti euskara izan duzu ardatz. Euskal filologia ikasketak egin zenituen eta euskararen bueltan ibili zara lanean.

Segur aski, bestela ezingo nuke. Gaztelaniaz ezingo nuke euskaraz daukadan maila erakutsi. Txikitatik euskaraz hazi eta hezi naute, beraz, nik ezinbestean euskaraz. Nahiz eta gure aitak ez zuen euskaraz egiten, guk idazten-eta euskaraz ikasi dugu. Gaztelaniaz nekez egingo nuke nik orain, idatzi behintzat.

Ibarran jaio zinen. Bertako euskara duzu?

Ez dut uste Ibarrakoa daukadanik; nahasketa ikaragarria daukadala esango nuke. Gure ama Ibarran jaio zen, baina bere gurasoak Ezkurratik zetozen, nafarrak ziren. Aita ere Altsasun jaio zen, baina ez zuen gurekin euskaraz egiten. Gerra garaian handik bidali zuten, eta euskara galduarazi zioten. Nire euskara nahasketa bat da: etxean egin zidatena, gehi amonari entzundakoa, gehi bestela ikasi dudana.

1995ean lehen liburua argitaratu zenuen, Negu Gorriak musika taldearen kronika bat idatziz. Orduan hasi zinen idazteko zaletasuna garatzen?

Idazten ikastolan zaletu nintzen, Tolosako Laskorain Ikastolan. Ez dakit zergatik, baina orduan asko idazten genuen. Irakasle entusiastaren bat tokatuko zitzaidan, ez dut gogoan, baina baten batek piztu izango zidan nik nuen gogoa. Hamabost urte inguru nituenean, gogoan dut Tolosako lehiaketetan parte hartzen nuela, beraz, ikastolatik etorri behar du ohiturak, zeren gure etxean ez zen idazten.

Harrezkero kazetari, diseinatzaile eta marrazkilari moduan ere aritu izan zara lanean.

Kazetaritza ez da nire barruan daramadan gauza bat, kazetaritza behar bat zen ni gaztea nintzen garaian. Euskarazko prentsa aldarrikatzen genuen, eta hori lortzeko bidea guk egitea zen. Beraz, gu jarri ginen idazten, diseinatzen, marrazten eta horrelako gauzetan Argian eta, ondoren, Euskaldunon Egunkarian. Ni ez naiz oso kazetari sentitu, inoiz. Kazetaritza aitzakia izan da idazteko, niretzat behintzat.

Noiz hasi zinen Argian?

Hemezortzi bat urte nituela ezagutu nituen Argiako Iñaki Uria eta Pello Zubiria. Gero filologia ikasten hasi nintzen, eta handik Argian lur hartu nuen; ez, ordea, kazetaritza lanetan. Joxemi Zumalabe zena mila saltsatan zebilen, berak egiten zituen Argiako azalak eta maketak. Ez zuen denborarik gauza guztietara iristeko, eta horrela iritsi nintzen. Horiexek izan ziren nire lehendabiziko lanak: azalak nola egiten ziren ikastea eta maketatzea.

Eta marrazten?

Marraztearena etxean jasotako afizio bat izan da. Gure aitak ikaragarri maite zuen marraztea eta nik ere bai. Baina beti afizio bezala geratu izan da, ez diot lan planteamendurik egin, nahiz eta gero nire lanetan islatu izan den.

Diseinatzeko garaian marraztu ere egiten zenuen, beraz.

Garai hartan diseinatzea oso-oso manuala zen, oso mekanikoa. Gaur, badituzu ordenagailuak, programak, aplikazioak eta mila gauza. Gure garaian, kuter bat hartu eta ia-ia eskuz egiten ziren gauzak. Beraz, ezinbestekoa zen marrazketan esku ona izatea.

Beharra izan duzu irakasle, orduan.

Nik dena martxan ikasi dut. Ez naiz hori ikasteko eskolatik pasa.

Iaz Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu zintuzten, 2018ko martxoan. Zein ardura dakar horrek?

Ardura sekulakoa da. Kontuan hartu behar da baliabide oso gutxi dituen elkarte bat dela. Garai batean beste potentzia bat erakutsi zuen elkarteak, baina atzetik beste mila krisi etorri dira, eta Euskal Idazleen Elkartea minimoetan geratu da. Beraz, gaur egun, sekulako lana egin behar da, beste lanek uzten dizuten neurrian, ordu txikietan eta horrela.

Zer ekarri dizu lan horrek?

Insomnio pixka bat. Lehendik ere baneukan, beraz, ez diot errua lan berriari botako. Ardura handia eman dit, batez ere, ez diodalako ikusten garai batean zeukan zentzua. Elkarteak ez ditu literatur elkarteak bakarrik batzen; ez ditu nobelagileak, ipuingileak bakarrik biltzen. Mota askotako idazleak biltzen ditu, eta elkarteak denei eman beharko lieke nolabaiteko babesa. Eta ez dut uste horretan ongi asmatzen dugunik. Beraz, nire lanetako bat elkartea birplanteatzea da; babes eta presentzia hori emateko nondik jo behar dugun ikustea.

Oinarrian, zuen lana idazten duena gidatzea eta laguntzea da.

Teorian bai, gure lana idazleari babesa ematea da, babes morala eta legezkoa. Baita irakurzaletasuna bultzatzea ere. Horiek dira bi eginkizun nagusiak. Horrela esanda oso polita da, baina, gero, praktikan zer da hori? Horixe da eguneratu behar duguna. Lehen, premia hori ikusi zutenean, zenbait programa jarri zituzten martxan. Gaur egun gauzak asko aldatu dira, gaur egun jaurlaritzak baditu programak, eta idazle elkarteak kudeatu egiten ditu horiek. Baina nik uste dut, hori baino gehiago beharko lukeela.

Elkartea minimoetan dago, eta bertan lan egiten dutenak eguneroko lan horietan oso harrapatuta daude. Bi lanpostu eta erdi dauzkagu eta zuzendaritza batzordean gaudenok ez dugu ez soldatarik, ez ezer. Beraz, ahal duguna egiten dugu, ahal dugunean.

Eta zein da benetan euskal idazleen egungo egoera?

Idazle figura ez da praktikan existitzen; idazlea ez da idaztetik bizi. Orduan, zer da euskal idazlea? Gizajo bat edo gajo bat, bere afizioari irtenbide bat eman nahi diona, baina bere ofiziotik kanpo egin behar duena. Zeren, gaur egun, idazleak ezin du ofizio bihurtu idaztea. Idaztetik bizi diren gutxi batzuk badira, baina, egiazki, ez dira idaztetik bakarrik bizi; kolaborazioak egitetik edo hitzaldiak ematetik bultzadatxo bat daukate, eta hortik ateratzen dute soldata. Idaztetik bakarrik nor bizi da gaur egun? Inor ez, zoritxarrez, hori da tristeena. Elkarteak horiei laguntzeko modua bilatu behar du, bai afizionatu bezala dabiltzan horiei, eta baita besteei ere. Zaila da, ordea, zeren, denak ofizio berekoak balira, izan zitekeen sindikatu bat, baina gehienak afizio gisa aritzen direnak dira. Beraz, zein da elkartearen lana? Neronek ere ez dakit.

Argitzeko. Idazle bat ez da liburu bat idazten duena soilik.

Oso galdera pertinentea da hori. Guk ere galdera hori egiten dugu idazle elkartean, eta oraindik ez diogu erantzunik aurkitu. Zein da idazleago, nobela bat idazten duena ala interneten edo bere blogean ez dakit zenbat gauza idazten dituena? Zergatik da bat idazle eta bestea ez? Guk ez dakigu bereizten.

Duela 40 urte inguru sortu zen elkartea eta ordukoak ditu estatutuak. Estatutuak idatzi zituzten garaian ez zegoen internetik eta, erabaki zuten, idazle elkarteko kide izateko liburu bat argitaratu behar zenuela, gutxienez, edo 50 bat artikulu argitaratuta izan behar zenituela. Horiek kontsideratzen ziren idazle. Gaur egun, zer da argitaratzea internet hor dagoenean? Horri guztiari erantzun bat emateko ondo pentsatu beharra daukagu. Baina idazlea ez da liburu bat argitaratu duena.

Batzuentzat, ordea, literatura, fikzioa idazten dutenak bakarrik dira idazle, besteak ez. Sukaldaritza liburu bat idazten duena idazle da? Ba ez dakit. Saiakera bat idatzi duena bada idazle? Dudarik gabe baiezkoa esango genuke, baina gero ez diogu idazle esaten, ikerlari esaten diogu. Nik aldarrikatzen dudana da, idaztea ofizio bat dela, ez dela gauza tonto bat eta, batzuetan, horra makurtzen gara. Idazlea ez da nobela onak idazten dituena, idazlea ofiziozko kontu bat da, gauza asko idazten dituena, eta horren alde egin behar dugu, duintasuna eman behar diogu.

Irakurleei begira ere jartzen zarete elkartean?

Eskolei eta ikasleei begira bai, elkarteak duen diru-iturri nagusietako bat idazleak ikastetxeetan edo antzeko programetan kudeatzea baita. Programa horiek Eusko Jaurlaritzarenak eta Nafarroako Gobernuarenak dira, eta idazle elkarteak bitartekaritza lana egiten du.

Betiko gaia da, literatura irakurtzen ote den. Eta euskaraz egiten den edo ez.

Irakurri, ikaragarri irakurtzen da. Egunero egiten dugu telefonoan, supermerkatuan... Toki guztietan irakurtzen dugu. Uste dut okerra dela, esatea, ez dela irakurtzen. Irakurtzen da, mordoa. Baina beti erdaraz, euskaraz ez daukagulako besteek daukaten lekuetara iristeko ahalmenik. Literaturari dagokionez, esango nuke moda irakurtzen dugula. Liburu bat modan dagoenean mundu guztiak irakurtzen du. Beti izan da horrela; literatura irakurtzea ez da inoiz futbola izan. Duela urte asko, uste genuen literaturak beste prestigio bat zeukala, baina orduan ere ez zen asko irakurtzen; saldu gehiago egiten zen irakurtzen zena baino. Irakurtzea beti izan da minoritarioa. Zalantza da, zergatik irakurtzen ote dugun modan jartzen dena soilik. Niretzat gakoa hor dago, zeren oso liburu onak ari gara galtzen, oso abentura politak galtzen ditugu liburu horiek eskuetan ez hartzeagatik. Irakurtzea ez da sekula gauza masiboa izango, eta behar bada ez du beharrik ere.

Nola irits daiteke bigarren planoko liburu horietara?

Oso eztabaida zaila da. Hasteko, ikusgarritasuna eman behar zaie, eta hori galtzen ari gara. Lehen liburuek presentzia handiagoa zuten; gaur egun, liburu dendak ixten ari dira, ez dago ia liburu dendarik. Gauza gehienak supermerkatuetan saltzen dituzte, baina supermerkatuak kate globalizatuak dira. Gehienek Madrilen dituzte beren agintariak.

Lehengo batean, Irungo Alcampon eztabaida bat izan nuen. Gabonak ziren, eta badakizu zer sukar sartzen zaigun denoi, guztia erosteko. Bada, liburuen sailean 'euskara' zioen txoko bat zegoen, baina liburu guztiak gaztelaniaz zeuden, bat edo beste bakarrik zegoen euskaraz. Gainera, euskarazko horiek bizkarrez jarrita zeuden. Kexatu egin nintzaion saltzaile bati; burla egiten ari zirela esan nion. Erantzun zidan saiatzen zirela euskarazko gehiago jartzen, baina Madrildik zetorrela agindua, eta ez zietela uzten. Beraz, gu zer gara? Erregionalismo hutsa. Eta, komeni zaienean, hori ere ez, zeren Gabonetan nahiago dute erreginaren liburuak saldu, gureak saldu baino. Hori da gure destinu petrala, Hertzainak taldeak zioen bezala. Terrenoa galtzeaz gain, espazioa bera ere ukatu egiten digute. Nire buruari jarri diodan erronketako bat supermerkatuei gerra egitea da. Ez dut ezer lortuko, badakit. Baina ezin da pasatzen utzi, itsusikeria izateaz gain, burla bat ere badelako.

Bada errezetarik euskal literatura indartzeko?

Euskal literaturak oso osasun ona dauka. Oso idazle onak ditu, oso liburu onak idazten dituzte. Eta irakurleak baditu, beharbada gutxiegi. Zergatik ez ditu gehiago? Ez dagoelako ikusgai, ez dagoelako modan, ez delako komunikabideetara eramaten, ez delako dendetara eramaten. Hori da arazoa, ez zaiola behar duen garrantzia ematen.

Lanik ez da falta, eta ez zaizu falta. Egun, Lekukoa izeneko bilduma ari zara osatzen. Gazteagoentzat idazten duzun lehen aldia da, zer moduzko erronka ari da izaten?

Lehendabizikoa oso polita, bitxia izan zen. Erronka zalea naiz eta asko pentsatu gabe ematen dut baiezkoa. Gero beldurra etortzen da, eta honekin ere beldurtu nintzen. Konturatzen zara, ordea, benetan horretan jartzea besterik ez dela. Jarri nintzenean, uste baino errazago egin nuen, eta orain berriro ere beldur fasean nago, bigarren liburuarekin hasi aurretik.

Argitaratu duzu, dagoeneko, lehen liburua: Sasieskola. 1980ko hamarkadan kokatu duzu istorioa, Larraitz da protagonista eta 16 urte ditu. Zer kontatu nahi izan duzu liburu horretan?

Nik hamasei urte nituenean neska gazteek izaten zituzten kezkak kontatu nahi izan ditut. Azken finean, orduko kezkak eta gaurkoak ez dira oso desberdinak; orduko kezkak orain ere kezka dira. Sinesgarritasuna bilatze aldera, ni gazte nintzen garaira jo dut. Egin nezakeen gaur egun kokatutako nobela bat, baina ez zitzaidan hain sinesgarri aterako.

Era berean, iruditzen zait hamarkada hartan oraindik estaltzen diren gauza txar asko gertatu zirela, eta ez dut uste ezkutatzea sanoa denik. Orduko beldurrak, orduko errepresioak eta zapalkuntzak atera egin behar dira, onerako eta txarrerako. Nire lehendabiziko ahalegina hori da, nahiz eta gero nobelaren paisaia besterik ez den. Beharbada nobela bat ez da horretarako tokirik hoberena, baina agerian utzi behar da, ez dagoelako ezer ezkutatu beharrik. Nik neska gazte baten kezkak kontatu ditut, zergatik dagoen galduta. 16 urterekin, nor ez da galduta sentitu?

Larraitz hilketa baten lekuko ere izango da.

Gure garaian heriotza asko gertatu ziren, eta gehienak azalpen handiegirik gabe pasatu ziren. Oraindik ere horrela jarraitzen dute, eta horixe izan da paisaian marraztu nahi izan dudana.

Bigarren liburuak kontatuko du egia osoa?

Bai, gehiena kontatuko dut, baina ez dena. Segur aski, fidel izateagatik gure garaiarekin. Behin ere ez zen egia osoa jakiten, eta orain ere ez da jakiten. Neska horrek ikusi duen hilketan gehiena argituko bada ere, misterio puntu bat utziko dio. Misterioak beti dira onak nobeletan, gogoa pizten baitute hurrengoa irakurtzeko.

Zure bizipenetatik kontatutako istorio bat dela esan daiteke?

Ez dago autobiografiarik, dena asmazio bat da. Badira gaztetan bizitutako edo sentitutako gauza batzuk, baina lotuta dauden bezala, nire gazte garaian ez zuketen zentzurik izango; alegia, ez ziren horrela gertatu. Baina, egia da, adibidez, ume nintzela, bizitza markatu didan gauza bat bizitu behar izan genuela Ibarran: gure osabaren hilketa. Hilketa hark ez du zerikusirik liburuan ikusten den hilketarekin, baina paralelismo bat izan daiteke. Nire bizitzatik hartutako gauzak dira; poliziak hil zuen gure osaba, eta nik hilketa baten lekuko izan den neska baten bizipenak kontatu ditut.

Noiz emango duzu argitara bigarren liburu hori?

Udaberrirako argitaratuta egon behar du. Ondo bidean, martxorako bukatuta egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!