Ibarrako Gazteria Mahaia sortu dute, konektatuago egoteko

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 10a, 11:00

Haur, nerabe eta gazteen inguruko hainbat elkarte, eragile eta talde batu dira, beren errealitateak elkarbanatu, eta pertsona aktibo eta parte hartzaileagoak sortzeko.

Ibarrako Gazteria Mahaiak hasi berri du bere ibilbidea, herrian. Premiazko garrantzia eman diote haur, nerabe eta gazteen inguruan lanean diharduten eragile eta zerbitzuak elkarren artean konektatuta egoteari, eta euren errealitatea elkarbanatzeari. Julen Urrestarazu Gaztezuloko koordinatzailea mahaiko kidea ere bada, eta azaldu duenez, «hainbat elkarte, eragile eta talde elkartzeko espazioa eta unea da».

Momentuz, mahaiko parte hartzaileak honakoak dira: Gaztezulo, Ibarrako Udala, Uzturpe Ikastola, Lauburu KE, Kale hezitzaileak, Hauspoa Kultur Elkartea, Sendi Ekintza pilota eskola eta Alurr dantza taldea. Mahaia osatzeko lehen bilkurara bertaratu ezin izan zutenek ere, interesa azaldu dute, aurrera begira parte hartzeko; besteak beste, Txiribitu aisialdi taldeak, Loatzo musika eskolak eta Ibarrako gaztetxeak.

Etorkizunera begira ere jarri dira. Lan egin nahi dute etorkizuneko Ibarran, herriko haur, nerabe eta gazteak pertsona aktibo eta parte hartzaile izan daitezen: «Etorkizuneko Ibarra, gaur egungo gazteen bizilekua izatea nahi dugu, eta beraiek honen guztiaren parte izatera bideratu nahi ditugu egitasmoarekin».

Sortutako espazioan gazteriaren bueltako eragileak elkarrekin konektatzen saiatuko direla gehitu du Urrestarazuk: talde bakoitzak bere zailtasunak elkarbanatu, elkar lagundu, kezkak azaldu eta jarduera berriak sortu. «Erritmo, aspektu eta helburu desberdinak lantzen ditugun eragileak izanik, Gazteria Mahaiaren bidez, Ibarran daukagun potentzial handi hau saretzeko lan egingo dugu».

Momentuz, hiru hilabetez behin elkartzeko konpromisoa hartu dute talde eta eragileek, horrela, egin beharrak eta ibilbidea diseinatzen eta zehazten joango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!