"Modus Operandin soilik instrumentuekin sortutako musika egin dugu, purua"

Iker LarraƱaga 2019ko urt. 9a, 09:52

Vendettarekin urte luzez ibili ondoren Enrikko Rubiños musikariak bide berri bati ekin dio, Modus Operandin bateria jotzen ibiliko da. Dagoeneko lehenengo diskoa aurkeztu dute.

Iñaki Ortiz de Villalba, Andoni Garcia, Ruben Anton, Julen Barandiaran eta Gonzalo Fernandez de Larrinoarekin batera Modus Operandi talde sortu berriko musikaria da Enrikko Rubiños. Vendettarekin 10 urtetan bateria jotzen ibili ondoren, taldeak agur esan zuen abenduaren 28an Atarrabian, Hatortxu Rock jaialdiko 22. edizioaren bezperan. Modus Operandiko partaidea da gaur egun eta dagoeneko zenbait kontzertu eskaini dituzte, Durangoko Azokan, esaterako. Gainera, Ibarrako Tarukutraku musika tresna denda eta bateria eskolako jabea da. Musikan izandako ibilbidearen inguruan hitz egin du Atariarekin.


Modus Operandi. Kostatu al zaizue izena aukeratzea?
Ez genuen gaztelaniaz jarri nahi. Beste aukera bat Aktibistak izena zen, baina hitz ‘itxia’ iruditu zitzaigun. Azken finean, gure eginbeharra jendeari zerbait sorraraztea da eta hor dago gure izenaren gakoa.


Iñaki Ortiz de Villlalbak proposamena egin zizunean pentsatzeko denborarik hartu al zenuen?
Momentuan baietz esan nion. Nire asmoa Modus Operandi eta Vendetta uztartzea zen, Vendettaren amaiera ez zegoelako oraindik erabakita. Nik lehentasuna Vendettari emango niokeen, eta bi kontzertu elkartu izan balira Modus Operandira beste norbaitek joan beharko luke.  


Zein berezitasun ditu diskoak, zein estiloko musika dago Modus Operandi diskoan?
Ska, rocka, hardcore, punk melodikoa... sartu ditugu. Nik esango nuke musika tresnak bakarrik egoteak berezi egiten duela diskoa. Vendettan, adibidez, musika elektronikoa erabiltzen genuen, disko honetan ez dago horrelakorik eta dena da garbia, soilik musika tresnekin sortutako musika da, purua.


Ez ezetz da indarkeria matxista salatzen duen abestia sartu duzue diskoan.
Bai, zoritxarrez beharrezkoa eta ezinbestekoa da gai hori helduen artean eta bereziki gazteen artean lantzea. Azken finean, beraiek etorkizunaren parte dira  eta beraiek ikusi behar dute harreman sano bat edukitzea zer den. Nik uste dut lan asko dagoela egiteke eta musika bide zuzena dela hori transmititzeko.


La revolta dels somriures da beste abesti bat, katalanez. Musikari dagokionez bi lurraldeek lotura berezia dutela uste duzu?
Erlazio bat dago. Euskal talde asko joaten dira hara jotzera eta alderantziz. Uste dut konexio berezia daukagula. Elkartruke hori gure artean beti egon da eta beti dago keinuren bat. Talde katalan batzuek letra zati batzuk euskaraz sartzen dituzte eta alderantziz.


Nolakoa izan zen Modus Operandirekin Durangoko Azokan emandako kontzertua?
Kontzertu horren aurretik bi txiki egin genituen, agertokian nola konpontzen ginen ikusteko balio izan zigutenak. Rubenekin ibilita nago Vendettan, baina besteekin ez. Hara iritsi ginenean denok lasaiago geunden, harrera ona izan zuen eta kontzertua oso polita izan zen, oso pozik gaude.


Birarik egingo duzue?
Bai eta dagoeneko kanta berriak sortzen ari gara. Prozesua azkarra da. Azkenean disko bakarra daukagu, kontzertuak ordubete eskas irauten du eta luzatzeko gogoa daukagu. Bi kanta osatzen ari gara, diskoa atera aurretik zintzilik geratu zirelako.
Vendettaren azken kontzertua Hatortxu Rock bezperan izan da, abenduaren 28an.

Zer dela eta egun bat lehenago?
Jaialdiarekin beti izan dugu harreman ona eta urte askotan jo dugu Vendettarekin han. Amaierako kontzertua antolatzen hasi ginenean aukera desberdinak kontuan hartu genituen eta beraiekin hitz egitea bururatu zitzaigun. Batzuetan festa txikiren bat egiten zuten bezperan eta beraiei oso ideia ona iruditu zitzaien. Leku handi bat behar genuen eta Hatortxuko karpa aproposa zen.


Nola antolatzen da horrelako kontzertu garrantzitsu bat?
Gogo askorekin. Vendettak ez ditu kolaborazio asko egin, ez diskotan ezta zuzenekotan ere. Ildo berdinetik jarraitu dugu. Ibilbide guztiaren errepasoa izan da, bost disko ditugu, hortaz, kanta mordoa. Aukeraketa bat egin ondoren horiek jo genituen.


Zer suposatu du Vendettak zure ibilbide profesional zein pertsonalean?
Hamar urtean zeharreko bizimodu bat. Bateria estudioan sartzen genuen grabatzeko eta berehala atera behar izaten nuen kontzertu baterako. Etengabe lanean aritu gara, beti zegoen zeozer egiteko, erabakitzeko... eta musikarekin oso lotura estua izan dut, dedikazio handia eskaini diogun proiektua izan da.


Taldeez gain, musika denda eta bateria eskola den Tarukutrakun aritzen zara. Zer dela eta erabaki zenuen zabaltzea?
Buruan neukan zeozer zen. Musika eskola batean, kontzertuetara jotzera joateko baimenak eskatu behar dira eta horrek sekulako tentsioa sorrarazten zidan. Hau, aldiz, neronek kudeatu nezakeela ikusi nuen. Klaseak nik alda ditzaket eta horrek lasaitasuna ematen dit. Ni bakarrik arduratzen naiz dendaz eta eskolaz, nahikoa daukat horrekin. Momentuz bateria bakarrik irakasten dut, baina aurrera begira instrumentu gehiago sartzea pentsatzen ari naiz.


Nola uztartzen dituzu bateria eskolako klaseak, Modus Operandiren entseguak eta dendaren kudeaketa aldi berean?
Ahal den moduan. Gauez entseatzen dugu, bakoitzak bere zereginak dituelako egunean zehar. Behar bada lotuena dagoena ni naiz, dendan egon behar dudalako. Taldekide batzuk ikasten ari dira eta besteak lanean... ez zaigu beste erremediorik geratzen, hori bai, beti gaueko hamabitarako bukatzen saiatzen gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!