Gipuzkoako Kopa berezia Lauburu KE Ibarrarentzat

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 9a, 09:49
Lauburu KE Ibarrako bi taldeetako jokalariak eta Herrikideko jokalariak, Gipuzkoako Koparen sari banaketan. LAUBURU IBARRA

Asteburuan izan dira jokoan Gipuzkoako Koparen finalak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta Lauburu KE Ibarra taldekoak izan dira bietan.

Areto futboleko Gipuzkoako Kopa jokatu da pasa den asteburuan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Bi finaletan Lauburu KE Ibarra taldekoak izan ziren. Gizonezkoetan Tolosako Herrikide taldeari irabazi zioten, 6-0ko markagailuarekin, txapeldun bihurtuz. Emakumezkoetan Lauburukoek 2-0 galdu zuten Ordiziaren aurka.

Gizonezkoetan finalerdiak eta finala jokatu ziren asteburuan, eta Lauburuk eskualdeko beste aurkari bat izan zuen finalerdietan, Tolosako Laskorain taldea. Aitzol Oiarbide Lauburuko kapitainak azaldu duenez, «Laskorainen aurka bagenekien partida zaila izango zela. Gure maila berean dago eta gerra eman digu ligan». Iazko Gipuzkoako Kopan finalerdietan galdu egin zuten Lauburukoek, eta aurtengoan «serio» atera ziren finalerako txartela lortzera.

Ibarrakoek hasieran bi gol sartu zituzten, eta horrela lasaiago jokatu zuten, eta horrekin batera aukerak iritsi ziren, eta pixkanaka golak ere bai. Azkenean markagailua 6-0 izan zen, baina Oiarbidek azaldu duenez, «hasieran aurretik jartzerakoan, beraiek pixka bat etsi egin zuten eta guk gure jokoa egiten jarraitu genuen». Laskorainen aurkako partida beti berezia izaten dela esan du Oiarbidek: «Laskorainekoak ondo ezagutzen ditugu, kantxa barruan eta kanpoan, eta harreman ona dugu beraiekin».

Finalean eskualdeko beste talde bat izan zuten aurrean, Herrikide. Berez hiru maila beheragoko taldea da Herrikide, eta horregatik finalera iritsi izanak meritu handia duela esan du Oiarbidek. «Finalerdia ikusi genuen eta bere maila eman zuten, aukerak aprobetxatu zituzten, eta konturatzerako markagailuan 2-3 bukatu zuten», esan du Lauburuko kapitainak.

Finalerdietako esfortzua gero finalean ordaindu zuten Herrikidekoek. «Guk bagenekien beraien motibazioa ikaragarria izango zela, baina garbi genuen gure partida egin behar genuela». Nahiz eta lehen gola sartzea kostatu zitzaien, behin lehenengoa eta bigarrengoa sartuta «Herrikidekoak pixka bat burua makurtzen joan ziren, eta guk gure jokoa eginez, azkenean irabazi egin genuen», esan du Oiarbidek. Gipuzkoako Kopak irabazteak klubarentzat bere esanahia duela gaineratu du kapitainak: «Gipuzkoako talde guztiek parte hartzen dugu, eta Gipuzkoako erreferentzia izateko Kopa garrantzitsua da taldearentzat. Jokalarientzako ere berezia izan da, aurreko urteko arantza atera nahi genuelako, eta gauzak ondo egiten dakigula erakutsi nahi genuelako».

Asteburu honetan ligaren bigarren itzulia hasiko dute Lauburukoek, Burgosen jokatuz. Ligari begira, «gure aldetik ahal dugun akats gutxienak egin eta sailkapenaren aurreneko postuetan mantentzen saiatuko gara. Ea ligaren amaieran lehenengo postua lortzen dugun, igoera fasea jokatzeko», esan du Oiarbidek.

«ORDIZIARI AURRE EGIN DIOGU»

Lehenengo aldiz jokatu da aurten Gipuzkoako Kopa emakumezkoen senior mailan. Lauburukoek finalerdietan Eskoriatzari irabazi zioten, etxean irabaziz eta gero Eskoriatzan berdinketa lortuz. Ordiziaren aurka izan zen finala, ligan lehenengoa doan taldea, eta goragoko mailetan aritu izan diren jokalariekin osatua.

Olatz Artola Lauburuko jokalariak azaldu duenez, finala galdu arren, Ordiziaren aurka lehiatzeko aukerak dituztela erakutsi dute: «Finalean lehen zatiaren ia bukaera arte eutsi egin genion. Gola sartu ziguten, baina, hala ere, berriro eutsi genion, eta partidaren amaiera arte berdintzeko aukerak izan genituen». Ordiziak aukera asko izan zituen beste golen bat sartzeko, baina Lauburukoek ere bere abaguneak izan zituztela nabarmendu du Artolak.

Ordiziaren aurkako neurketak «konfiantza» eman diela esan du Lauburuko jokalariak. «Beraiek talde bezala oso ondo jokatzen dute, oso ondo dakizkite mugimenduak. Guri alor horretan hobetzea falta zaigu, baina Gipuzkoako Kopako finalean erakutsi dugu gai garela Ordiziari aurre egiteko».

Orain ligan zentratuko dira Lauburukoak. Hirugarren doaz eta lehen itzulia ez da oraindik bukatu. «Gure asmoa da ahal ditugun puntu gehienak lortzea ligan. Ez daukagu helburu jakin bat zein postutan geratu nahi dugun ligaren bukaeran, baina argi dugu partida guztiak irabaztera joango garela», esan du Artolak. Gipuzkoako Koparen finalean erakutsiko mailak lehiakortasunean bultzada eman diela gaineratu du: «Orain ligako neurketetan hori erakutsi nahi dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!