Beharrak kolektiboki asetuz

Irati Saizar Artola 2019ko urt. 4a, 09:00

Ibarrako Gazte Asanbladak eta Antolakuntza Komunalak arropak kolektibizatzeko proiektua jarri dute martxan.

Behar bat kolektiboki asetzeko helburuarekin hasi dira proiektua lantzen Ibarrako Gazte Asanbladako eta Antolakuntza Komunaleko kideak, elkarlanean; kasu honetan, langile klaseko kideen arroparen beharra asetzea da lortu nahi dutena. Horretarako, lokal bat prestatu dute arropa ezberdinekin Ibarrako KZ guneko gela batean.

Behar hori truke balioan oinarritu beharrean kolektiboki eta elkartasunaren bidez asetzea ere bada asmoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, «klase elkartasuna martxan jarri eta gure harremanak bide horretan garatzera bideratutako proiektu bat da».

Langile klaseko sektorean bertan ezberdintasunak nabaritzetik etorri zitzaien ideia: «Alde batetik, batzuk arroparen beharra daukatela ikusten genuen, hau da, arropa lortzeko ezintasunak dituztela. Eta aldi berean, nabaritzen genuen langile klaseko beste sektore zabal batek beharra asebeteta zuela eta arropa soberan zuela». Mugarik jarri gabe lotu nahi izan dute proiektua: «Gehiago duenak gehiago emango du eta gehiago behar duenak gehiago hartu».

Hori horrela, kolektibizazioaren bidea, bide posible bezala marraztu eta kolektiboki irtenbide bat diseinatu dute. Hasiera batean, Ibarrako Gazte Asanbladakoak hasi ziren proiektuarekin, baina bide horretan, arropaz gain beste behar batzuk kolektiboki asetzeko hautua egina zuten Antolakuntza Komunalekoekin egin zuten topo. Bien arteko elkarlanean eraman dute proiektua aurrera.

Udalak gaztetxekoei gauzak gordetzeko KZ guneko lokal bat utzi izan die urteetan zehar, eta egun, erabilerarik ez duela ikusita, proiektua bertan egitea erabaki dute asanbladakoek: «Auzolanean hezetasun arazoei aurre egin genien, mural ezberdinak marraztu ziren eta gaur-gaurkoz erabiltzeko prest eta biziberrituta aurkitzen dela iruditzen zaigu».

Hiru deialdi egin dituzte herriko plazan arropa biltzeko, eta jendearen erantzuna «oso ona» izan dela nabarmendu nahi izan dute. Mota eta taila ezberdinetako prendak jaso dituzte, eta lokalean jarritako armairu eta apal ezberdinetan ordenatzen aritu dira. «Arropa kantitatea hain da handia, oraindik lana geratzen zaigu dena sailkatzeko».

Lokala, bi astez behin, bi egunetan irekiko dute; astearteetan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Egun horietan, arropa hartzeko aukera izango da, baina baita nahi duenak uztekoa ere. Egun horiek, ordea, behin-behinekoak dira. Badaezpada, hilabete edo bi hilabetez behin egutegi bat kaleratuko dute datak zehaztuz. Momentuz, urtarrila amaitu arteko egunak aurreikusita dituzte: urtarrilaren 8, 12, 22 eta 26an irekiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!