Ibarrako Argindegi kaleko etxe batek su hartu du

Ataria 2019ko urtarrilaren 2a

Atzo ekonomika baten tximinian hasi zen sua 22:00 pasatxoan eta larrialdietako zerbitzuak bertaratu eta 01:00etarako itzali zuten. Bi familiek gaua etxetik kanpora pasa behar izan dute.

Gaueko 22:03an jaso zuten abisua Tolosako suhiltzaileen parkean eta Tolosa bertako, Ordiziako eta Legazpiko parkeko 14 suhiltzaile bertaratu ziren Ibarrako Argindegi kalean dagoen eraikinera.

Antza ekonomikako tximini batean piztu zen sua eta suhiltzaileak iristerako teilatura zabalduta zegoen. Teilatuaren zati handi bat erreta geratu zen eta etxebizitzaren azken solairuan kalte handiak eragin zituen suak. 01:00 alderako sutea kontrolpean zuten suhiltzaileek.

Bi familiek gaua etxebizitzatik kanpora pasa behar izan dute. Ibarrako Udalak, gizarte larrialdietarako dauzkan etxebizitzak eskaini zizkien bi familiei eta horietako batek bertan pasa du gaua. Besteak senitartekoen etxebizitzetara joatea nahiago izan du.

Goizean kalteak zenbaterainokoak ziren aztertzen aritu dira ikerketa daramaten ertzainek, aseguruetako perituek eta baita udal ordezkariek ere. Mikel Agirrezabala alkatearen hitzetan, udal arkitektoek eraikina aztertu dute goizean eta ziurtatu dute egitura ez dagoela kaltetuta, hormigoizkoa baita. "Teilatua, egurrezkoa izanik, erabat kiskalita geratu da, eta beraz, bigarren solairuko etxebizitza oso kaltetuta dago". Bertan bizi direnek, gaua gizarte larrialdietarako etxebizitzan pasa dute eta bertan segitu beharko dute epe batean. "Lehen solairuko etxebizitzan ere kalteak eragin ditu, batez ere, sua itzaltzeko erabilitako urak eta konponketa batzuk egitea beharrezkoa izango da. Epe motzera bertara bizitzera sartzeko moduan egotea espero dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!