Etxeko bi taldeak finalera igaro dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 2a, 18:13
Iaz, Ibarran jokatutako Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako kanporaketako irudi bat. JOSU ARTUTXA

Ibarran jokatu da Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako azken kanporaketa, 4x4ko modalitatean. Finalera zein 12 talde igaro diren erabaki da bertan, eta etxeko taldea aise nagusitu da gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan.

Pasa den igandean hasi zen Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa, 4x4 modalitatean. Artziniegan jokatutako kanporaketan, Ibarrako bi taldeak, gizonezkoa nahiz emakumezkoa tiraldi guztietan gailendu ziren. Gaur ere antzeko zerbait gertatu da Belabieta kiroldegian jokatutako kanporaketan. Hala ere, gaurkoak garrantzi berezia zuen, bertan erabaki baitira finalean arituko diren hamabi taldeak (sei gizonezkoetan eta beste hainbeste emakumezkoetan) zeintzuk izango diren.

Gizonezkoak, 300 kilotan aritu dira, eta bederatzi talde zirenez, bi multzotan banatu dira. Lehen multzoan Ibarrak, eta bigarrenean Gaztedik, tiraldi guztiak irabazi dituzte. Horrela, erraz nagusitu dira, eta finalerako txartela lortu dute. Emakumezkoetan, berriz, hamar talde izan dira guztira bosteko bi multzotan banatuta lehiatu direnak. Lehen multzoan, Ibarrak hiru tiraldi irabazita lehen postua lortu du; bigarrenean, berriz, Betigazte taldea izan da onena, tiraldi guztiak irabazi eta 12 puntu lortuta.

Hortaz, honela geratu dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan gaurko kanporaketako sailkapenak:

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako kanporaketa:

Gizonezkoak:

A multzoa:

  1. Ibarra: 12 puntu.
  2. Betigazte: 9 p.
  3. Txantrea: 6 p.
  4. Antsoain: 3 p.
  5. Bizindar: 0 p.

B multzoa:

  1. Gaztedi: 9 puntu.
  2. Ñapurrak: 6 p.
  3. Berriozar: 3 p.
  4. Kaskallueta: 0 p.

Emakumezkoak:

A multzoa:

  1. Ibarra: 9 puntu.
  2. Badaiotz: 8 p.
  3. Gaztedi: 5 p.
  4. Kaskallueta: 5 p.
  5. Bizindar: 0 p.

B multzoa:

  1. Betigazte: 12 puntu.
  2. Badaiotz: 9 p.
  3. Txantrea: 6 p.
  4. Berriozar: 3 p.
  5. Antsoain: 0 p.

*beltzez nabarmenduta, finalerako txartela lortu duten taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!