Babarrunak eta euskara, bat eginda Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 1a, 13:54

Hauspoa elkarteak antolatuta, Babarrun Festa ospatu dute, gaur, Ibarran eta, Euskaraldia aprobetxatuz, esperimentu sozialaren inguruko esperientziak partekatzeko baliatu dute eguna.

Apartekoa izan da Ibarrako IX. Babarrun Festa. Orain arte igandez egin izan dute, baina aurten larunbatera pasa dute, eta Euskaraldiaren aitzakian, bi ekimenak uztartu dituzte. Eta nabaritu da parte hartzean: «Biak indartuta atera dira», azaldu du Onintza Aranalde, antolaketa taldeko kideak.

Goizean goizetik hasi dira babarrunak prestatzen Ibarran. Estalpearen babesean, 16 bikotek eman dute izena babarrun lehiaketan; azken urteotako parte-hartzaile kopururik altuena da. Ibarra ez beste leku batzuetatik ere etorri dira lehiakideak.

Epaimahaiaren ebazpena arratsaldean eman dute jakitera, babarrun jatearen ondoren. Jose Otxoa eta Edurne Santin izan dira garaile, urte luzez lehiaketan parte hartu duen bikoteak. Ainhoa Muñagorrirentzat eta Maike Davilarentzat izan da bigarren saria; eta hirugarren Eva Zubelzu eta Milo Jauregi izan dira. Bazkaltzeko, 160 lagun inguru bildu dira, iaz baino 30 bat gehiago.

Jende kopuru altua bildu dela aprobetxatuz, Euskaraldiaren lehen balorazioak egiteko aprobetxatu dute. «Batzuk esan dute zaila egiten ari zaiela, baina orokorrean, baita zailtasunak izan dituztenek ere, onartu dute ez zutela uste txapa batek zenbaterainoko indarra izan zezakeenik. Batzuk lortu dute bere egunerokotasun horrekin haustea, eta hizkuntzarekiko beste sentsibilitate bat izatea», aitortu du Aranaldek.

Astelehenean, pintxo tertulia egingo dute 19:00etan, Euskaraldiaren balorazio orokorra egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!