«Irudiekin sortu dudan bezala, bertsoekin sortuko du Mendiluzek»

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 29a, 08:00

Gaur arratsaldean, 'Atsotitzak argazkitan' liburua aurkeztuko du Oskia Karrera argazkilariak Ibarrako Galtzaundi tabernan. Aitor Mendiluze bertsolariaren laguntzaz egingo du aurkezpena, 19:00etan.

Irudimena erabiliz eta sormena landuz, atsotitz bakoitza irudiz jantzi du Oskia Karrerak (Tolosa, 1969), bere bigarren lanean, Atsotitzak argazkitan liburuan. Durangoko azokan, autoekoizleen txokoan izango da eskuragarri bere liburua, baita Tolosan duen estudioan ere.

Atsotitzak eta argazkiak. Nolatan bildu dituzu liburu batean?

Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho zabaldu den gauza batean etenaldi bat egon dela ikusten nuen. Atsotitzak hauspotzeko lan egiteko nahia izan da liburuaren arrazoi eta helburua. Ikusten nuen belaunaldi zaharragoek erabiltzen dituztela atsotitzak, baina ondorengoek ez dituztela erabiltzen, eta, gaur egun, gure bizimoduarekin asko aldatu denez, erabilgarrienak bildu nahi izan ditut. Horiei, gaur egungo argazkiak jarri nahi izan dizkiet. Beharbada, euskaraz ikasten ari den batek testu hutsezko zerrendan baino errazago ulertuko ditu hitzak argazki bati lotuta badaude.

Milaka atsotitz egongo dira hor nonbait jasoak. Nola aukeratu dituzu?

Nire kasa biltzen hasi nintzen, eta bukaeran, Gotzon Garateren bilduma erabili dut. Hogeita hamar urtetan baserriz baserri bildutako 14.000 atsotitz jasotzen ditu, eta euskalki desberdinetan daude gainera. Hortik aukeratu ditut nire ustez bere lekua izan behar luketenak.

Lehenengo, atsotitza aukeratu, eta ondoren, irudia jarri? Ala alderantziz?

Atsotitzak hartu ditut lehenik eta irudia bilatu diet ondoren.

Sormenari denbora asko eskaini izango diozu, hortaz.

Bai, ez da batere erraza irudi edo eszena bat sortzea atsotitz bat islatzeko edo ordezkatzeko. Argazkiren bat berriro egin behar izan dut, lehenengoan asmatu ez dudalako. Espero dut egin dudanarekin ondo ordezkatuak egotea. Oraingoz, hala dirudi.

Nongo irudiak dira?

Inguruko jendearekin, bezeroekin eta gure paisaiarekin egindakoak dira. Batez ere jendea agertzen da, baina badira bestelako argazkiak ere. Argazkia egiterako garaian, atsotitzentzat egokia den norbait bilatu dut eta eszena sortu dut ondoren.

Zein irizpide erabili dituzu atsotitzak aukeratzeko?

Erabilera kontua izan da. Gaur egun erabilgarria den edo ez begiratu diet, ala erabili daitezkeen edo ez. Hori izan da irizpide bakarra. 90 atsotitz inguru jaso ditut eta bakoitzak bere argazkia du, edo argazki multzoa batzuetan.

Eta argazkietarako, erabili duzu irizpiderik?

Lana koloretan egitea erabaki dut. Egunerokotasuna hobeto islatzen duela iruditzen zait. Horrela, liburu koloretsua eta alaia atera da eta hori zen helburua. Maketazioa ere nik egin dut. Orri bakoitza, nolabait esateko, argazki bat da, eta testuak kolore, leku eta posizio desberdinak dauzka, argazkiarekin eta esanahiarekin lotuta. Testua irudi bezala landuta jarri dut.

Zer moduzko harrera izan du liburuak?

Oso-oso pozik nago. Irakurri dutenek gustatu zaiela esan didate, interesgarria dela, azken batean, atsotitzaren inguruan gure izaera ere islatzen baita. Umore puntua ere bilatu omen diote.

Nola aurkeztuko duzu arratsaldean liburua?

Orokorrean, liburuaren aurkezpena izango da. Baina nik atsotitzen inguruan irudiak sortu ditudan bezala, Aitor Mendiluze bertsolariak bertsoekin sortuko ditu bere eszena eta egoerak. Jendearen parte-hartzea bultzatzen saiatuko gara eta pixka bat dinamikoak izaten. Hasiera batean, atsotitza irakurriko dut eta Aitorrek bertsoa kantatu ondoren, irudia erakutsiko dut. Eta alderantziz ere egingo dugu. Nik horman itsatsita liburuko hainbat orri jarriko ditut eta bertsoak kantatuz jendeak asmatu beharko du ze atsotitzez ari garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!