Babarrun festa, larunbatean, Ibarran

Irati Saizar Artola 2018ko aza. 28a, 15:31

Hauspoa elkarteak antolatuta, Babarrun Festa ospatuko dute larunbatean Ibarran. Goizean goiz piztuko dute sua lapikoak lanean jartzeko, eta egun osoko egitaraua antolatu dute.

Goizean, 09:00etan emango zaio hasiera IX. Babarrun Lehiaketari. Antolakuntzak jarriko ditu babarruna eta ura, eta gainerako tresnak norberak eraman beharko ditu. Kilo erdi babarrun sukaldatu beharko dute.

Eguerdian, Alegiako txarangarekin kalejiran ibiliko dira, eta Euskaraldia bete-betean harrapatuko duenez, mintzapraktika egingo dute Ahobizi eta Belarriprest guztiek herriko kaleetan zehar. Bazkaltzeko plazan elkartuko dira berriro ere. Aurrez, tiketak salgai egongo dira, bai bazkarirako, baita lehiaketarako ere, Zubiaurre, Galtzaundi, Atari, Txumitxa eta Karlatzen.

Bazkalostean, babarrun lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta Euskaraldairekin lotutako jolas bat egingo dute. 18:30ean, Ibarrako Koroaren laguntzaz kantu biran ibiliko dira. Eguna amaitzeko, afari-merienda egingo dute Ibarrako Gazte Asanbladakoek prestatutako bokatekin, eta dantza-festarekin borobilduko dute eguna Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!