Gaztain jatea, kalabazekin herria apaintzea, herriko argien itzaltzea, beldurren erretzea, kanpaiak jotzea, puska biltzea etxez etxe kopeizko lanparekin, afari herrikoia eta beldurrezko ibilbidea antolatu dituzte, besteak beste. Egitarau osoa eta oparoa. Baldintza bakarra, etxeko arropa zaharrekin mozorrotzea.
Ospakizun berri honek, hainbat osagai interesgarri ditu bere baitan. Antolakuntzako pisu handia herriko 4 gaztetxok hartu dute, komunitateari ekarpena eginez eta herriko haurren eredu izanez. Puska biltzearekin herriko kohesioa landuko dute, 20 etxe eta baserri inguruk parte hartuko baitute elikagaien eskaintzan. Beldurra, iluntasuna eta heriotzaren inguruan hausnartuko dute, biziaren parte ere baitira. Eta ez du aurrekonturik izango, ez antolakuntzari dagokionez, ezta mozorrotzeko ere.
Erritu berri honek aurten arrakasta izaten badu, beharbada, tradizio bilakatuko da etorkizunean. Funtzio sozial esanguratsurik betetzen badu, etorkizuna ziurtatuta izango du.