Bola eta toka txapelketa arrakastatsuak

Ataria 2018ko urriaren 30a

Ibarrako Kirol Elkarteak bola eta toka txapelketak egin zituen igandean, 52. urteurrenaren harira. Tokan 26 pertsonek hartu zuten parte eta bolan 48k. Emakume gutxik hartu zutela parte esan dute.

Asteburu bete izan zuten Ibarrako Kirol Elkartean. 52. urteurrena dela eta bazkaria egin zuten larunbatean, eta igandean bola eta toka txapelketak izan zituzten Emeterio Arresen. Bola Txapelketan 48 pertsonek eman zuten izena, eta Toka Txapelketan, berriz, 26k. "Iragarrita zegoen eguraldia ikusita ezin dezakegu esan partaide zein ikusle gutxi azaldu zirenik", esan dute elkarteko zuzendaritzatik.

Irabazleak bolatan Sergio Aristi zarauztarra eta Garbiñe Alustiza zeraindarra izan ziren, eta tokan Prudentzio Olano eta Maritxu. "Herriko partaideak ere izan ziren eta haien artean aurpegi berri batzuk ere. Emakumeen partaidetza handiagoa bota genuen faltan, eta sari batzuk banatu gabe utzi behar izan genituen. Horregatik animatzen dugu mundu guztia parte hartzera, aurrerantzean ere izango baita aukera", esan dute. Zuzendaritzak boluntario lanetan ibilitakoei eskerrak eman dizkie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!