Ibarrako hileko azken ostirala berezia izango da

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 26a, 12:07

Hileko azken ostirala da gaur, eta hori dela eta elkarretaratzeak egingo dira herriz herri, ohiko leku eta orduetan. Ibarran baina, berezia izango da Maite Aranalde Ibarrako presoaren bueltan egingo baita.

Duela sei bat hilabete Aranalde Espainiaratu ahal zutela eta Maite Aranalde momentu horretan Frantzian zegoen preso Ibarrako hainbat taldek eta norbanakok bat egin zuten eta talde bakoitzak gaia landu zuen. «Behin Maite Espainiaratuta taldeak elkartu eta gaiari heltzeko zer egin genezaken aztertu genuen», esan du Oihana Lopetegi ibartarrak. Lehen urrats bezala azken ostiralei bultzada berezia ematea adostu zutela ere esan du Lopetegik. «Azken ostirala talde, eragile edo norbanako desberdinen esku uztea erabaki genuen, eta gaur izango da lehendabizikoa».

Ekimena harago doa, hala ere: «Ez da azken ostirala beste norbaitek antolatuko duela bakarrik, antolakuntza berri horrek ekitaldiari beste izaera bat ere emango baitio. Orain arte Ibarra sarreran elkartu izan gara formatu berean, eta aurrerantzean talde bakoitzak erabakiko du hitzorduak zein formatu izango duen, zein lekutan egingo den eta abar».

Gaurko lehen hitzordurako lekua eta ordua mantendu dute, 19:30ean elkartuko dira herri sarreran, baina izaera berezia izango du. «Antolatzaileak Maiteren lagunak gara eta berezia izango da. Aitzaki honekin garai batean biltzen ginen lagunak berriz ere elkartu gara, eta gutun bat idatzi diogu eta musika ere jarriko dugu. Guretzat hunkigarria izango da».

Erlazionatuak

Azken ostiraleroko dinamika berria

Tolosaldeko Ataria 2018 urr 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!