Eraso sexisten aurkako protokoloa osatzen laguntzeko bilera

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 23a, 12:55

Ibarrako Gazte Asanbladak protokoloaren lanketan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Bilera deitu dute horretarako. Urriaren 27an bilduko dira, 17:00etan, kultur etxean.

Ibarrako Udala indarkeria sexista jasaten duten emakumeen arreta egokia bermatzeko protokoloa ari da garatzen eta Ibarrako Gazte Asanbladak bere ekarpena egin nahi du. Bide horretan asanblada egingo dute larunbatean, hilak 27, 17:00etan, kultur etxean.

Gazte asanbladako kideek esan duenez, gaiaren inguruan esku hartzea "beharrezkoa" da, eta horretarako emakumeen kontrako erasoei aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dute "genero zapalkuntzaren erroa aztertzea". "Hasteko, eraso hauek ezin ditugu gauza isolatu bezala ulertu: sistema kapitalistak gure egunerokotasuna osotasunean zehazten duenez, zapalkuntza ezberdinak birproduzitzen ditu, genero zapalkuntza tarteko", esan dute.

Sistema kapitalistak bi klase "antagoniko" bereizten dituela diote; burgesia, "zeinak bitarteko produktiboen jabetza duen", eta langileria "zeina bizirauteko bere lan indarra saltzera kondenatuta dagoen". "Testuinguru horretan burgesiaren helburua ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzea da, hau langile klasea esplotatuz lortzen duelarik. Hori gutxi balitz, etekin hori areagotzeko zapalkuntza ezberdinak baliatzen ditu, genero zapalkuntza esaterako. Honen adibide garbiak dira, besteak beste, emakumeen soldata baxuagoak, prostituzioa, edota edertasun estereotipoen bitartez lortzen diren etekinak", gaineratu du.

Horiek horrela, emakume langileek "esplotazio bikoitza" jasaten dutela diote, kapitalismoak emakume langilea gutxiesten duelarik: "Gutxiespen horrek gure bizitzako esfera guztietan eragina duenez, gure harremanetan ere eragin zuzena du, langileon arteko botere harremanak normalizatuz, eta ondorioz, herrian eman diren bezalako erasoak ahalbidetuz".

Sistema judiziala emakumeen kontra azaltzen dela ere esan du, eta orokorrean langile klasearen aurkakoa dela, eta adibide bezala aipatu dituzte Manada edo Altsasuko auziak. Ibarran duela gutxi aldentze agindua zuen gizonezko batek, bikote ohia erailtzen saiatu izana ere adibide bezala jo dute.

Ibarrako Gazte Asanbladak emakumeen kontrako indarkeria eta erasoak gainditzeko sistema kapitalista gainditu behar dela uste du eta horretarako mekanismo propioak behar direla esan dute, "desjabetuon interesetara dagoen eraso sexisten aurkako protokoloa esaterako". "Jakin badakigu instituzioek eraso sexisten aurkako protokolo ugari garatu dituztela, baina esperientziak argi erakutsi digu legalitatearen barnan ezingo ditugula inoiz eraso hauek ekidin, ezta eraso hauei erantzun irmo bat eman ere". Testuinguru horretan kokatu dute larunbateko asanblada irekia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!