Astelehenero bilduko dira, Ibarran, euskarara gerturatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ira. 27a, 09:43

Urrian hasiko dute ikasturtea Auzoko programako kideek; Ibarrara iritsi berri direnei edo euskara urrun sentitzen dutenei euskarara gerturatzeko aukera ematea dute helburu.

Bosgarren urtez jarriko dute abian Ibarran, Auzoko programa. Ibarran, beste hainbat herritan bezala, kanpotik joandako herritar asko dago, errealitate kulturanitza eta eleanitza sortuz, eta horiek euskarara gerturatzea ezinbestekoa dela dio ikasturte honetan dinamizatzaile lanak egingo dituen Julen Urrestarazuk. «Euskara aitzaki hartuta eta oinarria izanda, gure asmoa da kanpotik datorren horri euskarara gerturatzen laguntzea, horrela herrian integratzeko, herriko eragileen mugimenduan murgiltzen laguntzeko... Komunitatearen parte egiteko, azken finean».

ASTELEHENETAN

Ikasturtea datorren astelehenean hasiko dute eta astelehenero bilduko dira kultur etxean, 19:00etatik 20:30era. Pasa den urteko partaide askok hartuko dute parte aurten ere, baina taldea ahalik eta zabalena egitea da Urrestarazuren nahia. Horregatik aurtengoan kalera gehiago irteteko asmoa dute: «Orain arte eman den dinamika izan da, bildu eta material desberdinen, jolasen eta bestelako testuen bitartez euskara ikasten joatea. Hori guztia praktikan ere jartzen saiatzen ziren, eta hori da aurten indartu nahi duguna. Gure asmoa da ikasitako guztia ahalik eta praktikoena izatea. Gai batzuk landuko ditugu astelehenero eta gero kalera aterako gara hori praktikan jartzera. Kirola landuz gero, gero joan gaitezke kirol horiek praktikatzera, edo diru kontuekin nola moldatu lantzen badugu, erosketak egitera joan gaitezke edo pintxo-potera... Kalera atera nahi dugu, praktikoagoa izateko, eta baita irekitzeko ere, jendeak hor gaudela ikusi dezan. Kultur etxeko bazter batean geratzeko arriskua ere hor baitago».

Helburua beraz Ibarrako hizkuntza aniztasuna ezagutarazi eta jatorri ezberdinetako harritarrak harremanetan jartzea da, beti ere euskara ardatz hartuta. Iaz kanpotarrak bakarrik ez, ibartarrak ere gerturatu nahi izan zituzten Auzokora, «baten bat gerturatu zen», baina gutxi batzuk izan zirela eta, aurten ere saiakera egin nahi dutela esan du dinamizatzaileak. «Parte hartzeko astelehenetan kultur etxera azaldu behar da, besterik ez, eta guztion artean adostuko dugu dinamika».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!