Uzturpe ikastolako 240 ikaslek modulutan emango dute ikasturtea

I. Terradillos-R. Calvo 2018ko ira. 25a, 08:00
Patioan jarriko dituzten 14 moduluetan emango dute ikasturtea Uzturpeko 240 ikaslek.

Egi eraikineko zati batean dauden egitura arazoak direla eta, LH 5tik aurrerako ikasleak hiru gunetan banatuta daude ikasturtea hasi zenetik; hilabete barru patioan jarriko dituzten 14 moduluetan hasiko dira.

Ikasturte hasiera zaila izaten ari dira Ibarrako Uzturpe ikastolan. Udaran Egi eraikinak behar zituen hainbat egokitzapen lan egiten aritu ziren beharginak, «gelak modernizatu, gure eskaintza pedagogikoari ondo egokitutako espazioak sortu... Espazio berriak behar genituen», esan du Iker Gibelalde Uzturpe ikastolako zuzendariak.

Ikasturte hasieraren atarirako dena prest izango zutela aurrikusi zuten, baina irailaren 5etik 6rako gauean ikasturte osoa baldintzatuko dien ezbeharra izan zuten: «Gau horretan ikastolako sotoan suteen aurkako instalakuntzarako sartutako hodiak haustura bat izan zuen eta 17 ordutan ura etengabe askatuz egon zen. Horrek ikastolaren oinarrian eragina izan zuen, bizpahiru zutabeetan mugimendu txiki bat sortuz. Ondorioz, ikastolako zonalde batean pitzadura batzuk sortu ziren eta larrituta, horri irtenbidea nola eman aztertzen aritu ginen».

Ikasturtea irailaren 7an zen hastekoa eta bezpera eraikina begiztatzen eman zuten. Ikuskariak ikasturtea hasi behar zuen egunean bertan izan ziren eraikinean eta haiek garbi ikusi zuten, «ikastolako zati bat ez dagoela erabilgarri esan ziguten», gogoratu du zuzendariak.

Ordutik eraikinaren azterketa zorrotzak egin dituzte eta egiaztatu dute eraikinaren beste aldea erabilgarri dagoela. Haur Hezkuntza osoa eta LH 4 bitarteko haurrek erabiltzen duten zatia ondo dago, baina beste guztia, LH 5tik DBH 4 artekoek erabiltzen duten zatia, ezin da erabili. «510 ikasle gara Uzturpen eta arazoa 240 ikasleri eragiten die».

Zuzendariak azaldu duenez, gurasoen, irakasleen eta ikasleen babesa ikaragarria izan da, baina «amesgaiztoa» luze samar joan da.

Pasa den ostegun iluntzean egindako batzarrean ikasturte osorako balioko duen irtenbidea adostu zuten eta ondorioz, 240 ikasleak hilabete barru itzuliko dira Egira, baina ez eraikinera bertara, patioan jarriko dituzten 14 moduluetara baizik.

HIRU EREMUTAN

Ikasturtea egun batez atzeratu behar izan zuten, baina egoerari berehalako irtenbidea eman beharrean zirenez, behin behinean hiru eremutan banatu dituzte ikasleak. DBHko ikasleak Tolosako Paper Eskolan daude eta LHko 5. eta 6. mailak Ibarrako kultur etxean eta udalak orain gutxi eraberritutako Ttontto lokalean daude. «Behin behineko irtenbidea da, egoera ezin dela luzatu uste dugu. Paper Eskolan, Don Bosco Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Eskolako arduradunen eskuzabaltasunari esker, zazpi gela utzi dizkigute, eta DBHn zazpi talde ditugunez han hasi dira, baina ez da egoerarik onena; bikoizketak egiteko espaziorik ez dugu, irakasleek ez dute gelarik, teknologia gelarik ere ez dugu...».

Behin behineko irtenbidea eman ahal izateko jasotako laguntza guztia eskertu du Gibelaldek, «harremanak hasi genituen segituan, Ibarrako eta Tolosako udalekin, Hezkuntza sailarekin eta Ikastolen Elkartearekin, eta aukerak aztertzen hasi ginen. Beti ere, behin behinean. Euren jarrera ezin hobea izan da».

Berez ez dakite noiz itzuli ahal izango diren kaltetutako eraikinaren zatira, baina irtenbidea ikasturte osorako izatea erabaki dute. «Gure ikuspegia da behar bada, ikasturte osoa eman beharko dugula eraikineko zati horretatik kanpo. Momentu honetan behin behinean hor daude ikasleak, ahalik eta normaltasun handiena eskaini nahi diegu, baina garbi dago ikasleak eremu desberdinetan izateak oztopo ugari dituela. Ikasturtea luzea da eta gure nahia da ikasleak ahalik eta egoera onenean egotea. Hainbat aukera aztertuta bi proposamen aurkeztu genituen».

Batzarrean bozkatuta erabaki dute ikastolako patioan 14 modulu muntatzea ikasle guztiak hartzeko. «Ikasle guztiak ikastolan egongo dira, eta horrek gure funtzionamenduan normaltasun maila nahiko ona emango digu. Beti egongo dira eragozpen batzuk, baina irakasle, guraso eta ikasleei lasaitasuna ematen digu denak batera egotea eta gure proiektua aurrera eraman ahal izatea».

Bigarren aukera Paper Eskolan jarraitzea zen, baina horrek ez du, zuzendariaren hitzetan, arazoa konpontzen: «Paper Eskolan jarraituz gero, hiru modulu ere muntatu beharko genituzke». «Dena den, astebete doaz ikasleak paper eskolan eta gurasoek ere oso argi dute askoz hobeto daudela ikastolan bertan, beraiek egin dute hautu hori. Zentzu honetan eskerrak eman beharrean gaude: Paper Eskolan dauden Hizkuntza Eskolari eta Don Bosko hezkuntza eskolari, euren borondate ikaragarria izan delako, ahal zutena baino gehiago utzi digutelako, Tolosako Udalari ere erraztasun guztiak jarri dizkigulako, eta baita Ibarrako Udalari eta Laskorain ikastolari ere».

GARESTI

14 moduluak jartzea nahiko garestia izango da, hala ere. «Aukeratu duguna irtenbiderik garestiena da. Gure buruhausteetako bat izan da hori; ekonomikoa, izan ere, ikasturte honetan gure gain hartu beharko dugun kostua handia da; moduluak alokatu behar dira, muntatu... Hasiera batean kontatzen ez genuen gastua da. Gure kontuak, finantzak, urteko gastuak eta sarrerak kontuan hartuta, ikusten dugu urtea zaila izan daitekeela, baina aurre egin beharko diogu eta aurre egiteko gai izango garela uste dugu». Diru ekarpen berriak lortu beharko dituztela ere esan du zuzendariak, «ekintza desberdinak egin beharko ditugu, ate desberdinak jo... Garbi dugu aurrera egin behar dugula, gure ikasleen ongizatea bermatu behar dugu».

ERAIKIN OSOA AZTERTUKO DUTE

Egoera eraikina bere osotasunean ikusteko ere baliatuko dute. «Pare bat hilabete emango ditugu azterketa fase batean; kaltetutako eremuan ikuskatzen ari dira, hiru eta sei zutabe arteko mugimendua egon daiteke eta ikastolak 105 zutabe ditu. Kaltetutakoez gain badakigu beste batzuk ere sendotu beharko direla. Ibarrako Udalak ere oso argi du eraikin osoa begiratu eta sendotu behar dela. Egoera hau eraikin guztiaren oinarria ondo aztertu eta egin behar den guztia egiteko baliatu behar dugu, ikastola egoera egonkorrean, osasuntsuan eta seguruan utzi behar dugu».

Eraikina Ibarrako Udalarena da eta beraz, eraikin osoaren azterketa bere gain hartu beharko duela esan du zuzendariak, baina arazoa sortu den eremuko kalteak ordaintzeko obrako eraikitzaileak bere ardura era baduela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!