Unai Iribarren bigarren garaipena

Ataria 2018ko irailaren 20a

Joan den asteburuan Altsasun jokatu zen Espainia osoan egiten den txirrindularitza proba amateurrik zaharrena, eta aurtengo 89. edizioaren txapela Euskal Herrian gelditu da, Unai Iribar ibartarraren buruan.

Lehia estua izan zen, esprintean bereganatu baitzuen garaipena Iribarrek, eta photo-finisha erabili behar izan zuten irabazlea nor izan zen ebazteko.

23 urtez azpikoen kategorian egin duen lehen urtea gorabeheratsua izan da Unai Iribarrentzat. Denboraldia sasoiko hasi zuen, horren erakusgarri da apirilean Lazkaon irabazitako lasterketa. Handik gutxira ordea, ukalondoa hautsi zuen Bidasoako Itzulian izandako eroriko batean, eta lesionatuta bukatu behar izan zuen proba hura. Besoa osaturik, sasoi puntua hartu zuen berriz eta hautatua izan zen Espainiako selekzioarekin Europako pistako txapelketara joateko. Baina han gaixoaldia izan zuen, eta ezin izan zen bere proban (Omniumean) lehiatu.

Kontuak kontu, berriz ere indarrean da ibartarra, eta Altsasuko lasterketa irabazi ondoren, Espainiako pistako txapelketan parte hartuko du asteburu honetan. Denboraldiari ginga jartzeko aukera paregabea izango du, baina esan behar da dagoeneko azpimarragarria dela aurten egin duena, zailtasunak zailtasun, bi garaipen lortu baititu 19 urteko gazteak 23 urtez azpikoen kategoriako lehen urtean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!