Piperra nagusi, beste gauza askoren artean

Irati Saizar Artola 2018ko ira. 16a, 14:52

Bazegoen zer ikusia goizean Ibarran. "Ibarra, Azoka eta Piparra" azoka berezia ospatu dute hemeretzigarrenez, eta piperren eta eztien lehiaketak ere egin dituzte. 

Hemeretzigarrenez ospatu da Ibarran Hauspoa elkarteak antolatzen duen azoka. Goizean goizetik, herriko txoko ezberdinak postu, erakusketa, ganadu eta lehiaketetarako guneez bete dituzte. Izan ere, produktuak saltzeko azoka egiteaz gain, animalien erakusketa ere egin dute, baita hainbat lehiaketa ere: Ibarrako piperraren Euskal Herriko lehiaketa eta Ezti Lehiaketa. 

Emeterio Arreseko frontoian zeukan lekua zain Xepla elkarteak antolatzen duen Ibarrako piperraren Euskal Herriko lehiaketak. Hamalaugarren aldiz ospatu da gaur, eta inoizko parte hartzerik handiena izan da, 23 pintxo aurkeztu baitituzte. Lehenik, aurten bigarren aldiz ospatu den gilda aurkeztu behar izan dute parte hartzaileek, zortzina pintxo egin dituzte. Zain zituzten epaimahaikideak goizean zehar egindako gildak dastatzeko. Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitz, Julian Erretegiko Matias Gorrotxategi, Martinez jatetxeko Saioa Martinez eta Juanjo Mendioroz kritikari gastronomikoa aritu dira epaile lanetan. Goxoenak zeuden hiru gilda saritu nahi izan dituzte. Lehengo saria Ibarran bertan geratu da, Iñigo Olano eta Fermin Zubillagak eraman dute; bigarrena, Pantxo Bedialauneta eta Naroa Bedialaunetarentzat izan da, eta hirugarrena, Rafa Gorrotxategi eta Armintz Gorrotxategik eskuratu dute.

Jarraian, Ibarrako piperrekin egindako seina pintxo aurkeztu behar izan dituzte. Bakoitzak nahi izan dituen osagaiak nahastu dizkiete. XIV. Lehiaketa Gastronomiko horretan, Joseba Telleria eta Joseba Brabasa izan dira pintxorik onenak egin dituztenak; bigarren postuan Tomas Nuñes eta Jose Manuel Irigoien geratu dira, eta hirugarren postua egokitu zaio Migel Perezi. 

Emetereio Arrese parkeak bazuen gehiagorako lekurik. XXI. Ezti Lehiaketa ere bertan egin baita. Zortzi izan dira aurkeztu direnak, eta lehen saria Berrobira joan da, Iñigo Erauskinek irabazi du. Bigarrena, Belauntzako Ramon Lopetegik eskuratu du eta hirugarrena, Hernialdeko Patxi Imazentzat izan da.

Aurten, berrikuntza moduan, plazako aterpean egin dute Euskal Herriko Piperraren Topaketa. Lehen Emeterio Arresen egiten zen, baina, leku falta dela eta, aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Bertan, piperrak nola zintzilikatu behar diren erakutsi dute. Bestalde, artisauen postuak aurki zitezkeen plazan, baita pintura tailerrekoen erakusketa eta Xabi Fernandez nabigatzaile ibartarren omenezko argazki erakusketa ere. Arane iturriaren inguruan, berriz, herriko ganaduzaleen animaliak egon dira ikusgai. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!