[GUTUNA] Maite lagunartera, euroagindurik ez

Ion Mintegiaga Oiarbide 2018ko ira. 14a, 11:30

Maite Aranalde gaztetxotan hasi zen militatzen laster 40 urte betetzen dituen Gazte Mugimenduan. Inguruan zituen kide guztiak mutilak eta zaharxeagoak ginen, eta garaiko haize, harrokeri eta mikromatxismoz soberan geunden. Laster egin zuen tokia berezkoa duen prestutasun, gardentasun eta determinazioaz.

Esaterako, 16 urte betetzerako, Egin egunkaria itxi ziguten 1998ko uda hartan bertan, euskal presoen aldeko bost eguneko baraualdian parte hartu zuen dozena bat gazterekin batera Ibarrako festetan. Gaztetasunak ematen duen indarraz eta testuinguruak, hala behartuta, odola borborka izanagatik iparra eta zentzu pixka bat ere bagenuela uste dut, eta hala, Euskal Presoak Euskal Herrira goiburupean manifestazio isil arrakastatsua antolatzea lortu genuen kanpaina harekin. Konpromisoak emaitzak ekartzen zituela ikusten genuen, eta jada martxan zegoen askatasunaren aldeko tren ero hartara igota ginen. Borrokak, lagunarteak, parrandak, mendiak markatu zituzten urte bizi haiek.

Aurrerago, unibertsitatean, Leioan, egin genuen topo berriro. Berak soziologia eta nik, Lan Harremanak; ezagutzan sakondu nahi genuen, baina Marxek zioen bezala, mundua interpretatzeaz gain eraldatu ere egin nahi genuen, irauli.

Ez ziguten berehalakoan utziko eta 2002ko ikasturte hasieran etorri ziren gure bila, 20 urteak bete berriak zituela: ni zulora eta bera klandestinitatera, sasira, alegia, euskal erresistentziak denboran sortutako lengoaian ederki adierazten den bezala; dena arantza, txarrantxa, lokatza behar baitu izan azeria edo lepazuriaren antzera, sastraka atzean ezkutuan, noiz atera noiz gorde zain denarentzat.

Ondo gogoan dut hiru urte beranduago Frantzian atxilotu zutenean: presoen Kolektiboko kideok gose greba mugagabean aurkitzen ginela estatus politikoaren defentsan. Ondo gogoan ere 2009an, herriko festen aje hondarretan akats bat medio egun batzuetarako aske utzi zutenean; berriro sasira bueltatzeko baliatu zuen. Eta hilabetetara buelta espetxera. Horrela, 16 urtez.

Zer gehitu emakume presoez jadanik esan ez denik? Ingurune arrotza, gizonezkoen eremua, isolamendu handiagoa, amatasuna ukatua edo baldintzatua....

Eta, hala ere, ezin esan Maiteri irribarrea kendu diotenik. Bisita bakoitzean alai eta bizipozez azaltzen da.

Irailaren 20an Frantzian zigorra bukatzera doa, eta bi euroagindu onartuak dituenez Espainiako epaileek erabakiko dute bere etorkizuna. Zirt edo zart, zikloz aldatu edo gurpil zoroan jarraitu.

Hemen, herrian, bere bulkada gustura hartuko genuke hasitako helburuak bururaino eramaten laguntzeko. Kontrakoa bada, ez dugu bakarrik utziko sekula.

Maite zaitugu, Maite.

Ion Mintegiaga Oiarbide, Ibarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!