Piperraren ingurumarian

Ataria 2018ko ira. 14a, 10:24

'Ibarra, Azoka eta Piparra' azoka berezia egingo dute igandean; Xabi Fernandez omentzeko baliatuko dute hitzordua.

Hemeretzi urte pasa dira Hauspoa elkartea Ibarra, Azoka eta Piparra azoka berezia antolatzen hasi zenetik. Kultur elkarteak du azoka lotzeko ardura, baina ez da bakarrik egoten herriko hainbat eragileren laguntza izaten baitu. Lehen urte haietan azokako postuak Euskal Herria kalean jartzen zituzten, baina gaur egun azokan parte hartzen dutenen kopuruak gora egin du eta herriko bost gune hartzen ditu: Emeterio Arrese, frontoia, Arane iturria, San Bartolome plaza eta plazako aterpea.

Ikasturte hasierarekin egiten dute azoka berezia, aurten igandean egingo dute, eta herri guztia azoka bihurtzea lortuko dute, beste behin. 10:00etatik 14:00etara bitarte luzatuko da azoka eta herriko ekoizleen barazki zein ganadua bertatik bertara ikusteko aukera izateaz gain, baserritarren produktuak erosteko aukera egongo da. Egun berezia izaten da Ibarra, Azoka eta Piparrarena, baina ez da salmenta eta erakusketa gune izatera mugatzen, hainbat lehiaketa ere egingo baitituzte Ibarrako produktu ezagunenaren inguruan; Ibarrako piperraren Euskal Herriko Lehiaketa egiten da, batetik, Euskal Herriko Piperraren Topaketa, bestetik, eta Ezti Lehiaketa, azkenik.

Lehiaketak

Ibarrako piperraren Euskal Herriko Lehiaketa Gastronomikoa ezaguna da jada, baita eskualdetik kanpo ere, eta urtero herri bat baino gehiagotik gerturatzen dira Ibarrara, parte hartzeko. Aurten hamalaugarren aldiz egingo dute eta Xepla elkarteak du guztia antolatzeko ardura. Emeterio Arreseko frontoian egingo dute goizean zehar eta parte hartzaileek Ibarrako piperrekin egindako sei pintxo egin beharko dituzte nahi beste osagai erabiliz eta zortzi gilda egin beharko dituzte ozpinez ondutako piperrak erabiliz. Aurten bigarren aldiz egingo dituzte gildak.

Azoka besteak beste, Ibarra bertako baserritarren lana ezagutzera eramateko eta saltzen laguntzeko sortu zuten, eta gaur egun, helburu hori ere badu, baina hitzordua indartzen joan den heinean, Ibarrako piperra ezagutzera eramateko ere antolatzen dute. Horregatik antolatzen dituzte lehiaketak eta horregatik aprobetxatzen dute eguna Euskal Herriko hainbat piper ezagutzera eramateko. Euskal Herriko Piperraren IX. Topaketaren helburua da hori eta bertan Ibarrakoez gain, Sartagudako pikilloak, Gernikakoak, Lapurdiko Ezpeletako biperrak eta biper eztia ezagutzeko aukera egongo da. Ezti Lehiaketa ere egingo dute.

Guneei dagokienez, Emeterio Arresen izango da XXI. Ezti Lehiaketa eta horren harira erleen inguruko erakusketa bat ere egongo da. Gune horretan egongo dira baita ere elikagai postuak. Emeterio Arreseko frontoian izango da XIV. Lehiaketa Gastronomikoa eta bertan egongo dira epaimahai kideak ere: Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitz, Julian Erretegiko Matias Gorrotxategi, Martinez jatetxeko Saioa Martinez eta Juanjo Mendioroz kritikari gastronomikoa.

Omenaldia

Arane iturriaren inguruan herriko ganaduzaleen animaliak egongo dira erakusgai, eta San Bartolome plazan artisauak eta bi erakusketa egongo dira. Pintura tailerrekoen erakusketa egongo da eta baita Xabi Fernandez nabigatzaile ibartarren omenezko beste bat ere. Iaz herriko txirrindularien omenezko argazki erakusketa jarri zuten, eta aurten «dinamikari jarraituz Fernandezen bizitza profesionalaren argazki erakusketa» jarriko dute. «Berak gordeta dituen argazki mordo bat ikusteko aukera izango dugu plazan, goiz osoan zehar», esan du Hauspoak.

Plazako aterpean egingo dute Euskal Herriko Piperraren Topaketa eta bertan erakutsiko dute piperrak nola zintzilikatu behar diren.

 

EGITARAUA

IRAILAK 16, IGANDEA

  • 10:00-14:00. Ibarrako baserrietako produktuak eta abereak ikusgai Emeterio Arresen eta Arane iturriaren inguruan, eta artisauak eta argazki eta pintura erakusketak plazan. Era berean, Euskal Herriko Piperraren IX. Topaketa egingo dute plazan. Goizean zehar txoko gastronomikoa egongo da eta baita piperraren inguruko tailer bat ere, plazan.
  • 10:00-12:30. Tolosaldeko XXI. Ezti Lehiaketa, Emeterio Arresen.
  • 10:00-13:00. Ibarrako piperraren Euskal Herriko XIV. Lehiaketa Gastronomikoa, Emeterio Arresen.
  • 13:00. Sari banaketak, Emeterio Arresen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!