Irailaren 20an amaituko du Frantziako kondena Maite Aranaldek

Ataria 2018ko irailaren 12a

'Maiteherriratuz' dinamikaren barruan egindako Emakumea eta Kartzela mahai ingurua.

Maite Aranalde Ijurko Ibarrako euskal preso politikoak irailaren 20an bukatuko du Frantzian betetzen ari den kondena, eta bere egoera ezagutarazteko batzar informatiboak antolatu dituzte herrian.

Aranalde Rennes espetxean dago, baina atzo bertan Fresnesera eraman zuten eta senitartekoek uste dute estradizioa prestatzen ari direlako lekualdatu dutela. Izan ere, Frantziako kondena da irailaren 20an bukatuko duena, baina senitartekoek ez dakite zer pasako den ondoren, bi euroagindu dituelako.

Printzipioz Espainiako epaileen esku utziko dute eta epaileak erabakiko du zer egin. «Ikusiko da zer gertatzen den, oraindik ez dakigu ezer. Irailaren 20tik hamar eguneko epea irekiko da Espainiaratzeko, baina ez dakigu zuzenean eramango duten edo ez», esan du Aranalderen amak, Gotzone Ijurkok.

Estradizio eskaerak direla eta, herriko hainbat eragilek eta norbanakok Maiteherriratuz dinamika abiarazi zuten urte hasieran eta kaleratzearen gertutasuna ikusita datozen egunetarako dinamika indartu dute, «Maiteren egoera herrian ezagutarazi eta estradizioaren aurka lanketa egiteko».

MEGAFONIA

Horiek horrela bihar megafonia jarriko dute herrian zehar informazioa emateko; hilaren 16ko Ibarra, Azoka eta Piparra azoka berezian 12:00etan argazki herrikoia aterako dute plazan; eta hilaren 20an, kaleratzearen egun berean, batzar informatiboa egingo dute 19:30ean, herri sarreran.

Hamahiru urte dira Maite Aranalde ibartarra espetxean dagoela. Frantziako Rennes espetxean eman ditu azken hilabeteak, etxetik 800 kilometrotara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!