«Parte hartu dudan Munduari Bira parekatu eta estuena izan da»

Iñigo Terradillos 2018ko ira. 6a, 09:32

Munduari Bira egin berri du nabigatzaileak. Bosgarrenez lehiatu da bertan, eta aurtengoan estreinakoz kapitain moduan. Pozik dago Xabi Fernandez (Ibarra, 1976) lortutako bigarren postuarekin, eta dagoeneko hurrengo erronkei begira jarri da.

Ez da edonolako estropada Volvo Ocean Race. Urrian hasi eta 130.000 kilometro egin ostean, ekainean amaitzen da.

Bederatzi hilabeteko estropada da. Horixe da, hain justu berezitasuna, maratoi luze-luze bat dela.

Aurtengoan emaitza ona lortuta amaitu du Mapfre ontziak. Bigarren egin duzue.

Proba guztian zehar oso ondo aritu gara. Hornos lurmuturrean matxura izan genuen, eta ondorioz puntu asko galdu genituen. Gero berriro ere lehenengo postuan zeudenengana gerturatu ginen, eta azken proban erabaki zen. Txinatarrek irabazi zuten azkenean, baina, oso pozik gaude egindako lanarekin.

Taldeko lana nabarmendu duzu.

Faktore askorengatik pozik egoteko moduan gaude. Emaitzarengatik batetik, eta bestetik taldeak emandakoarengatik. Duela ia bi urte hasi ginen proba prestatzen, eta taldekide guztiak iritsi gara helmugara. Bai itsasoan aritu den taldea, bai eta lurrean lanean aritu dena, guztiak motibazio handiz aritu dira, eta hori bi urteko proiektu batean ez da hain erraza.

Prestaketekin beraz, denboraz hasten zarete.

Bai. Lan asko egin behar da horrelako proba bat hasi aurretik. Batetik barkua ezagutu behar da, taldea osatzen duten kideek elkar ezagutu behar dute, entrenamenduak egin behar dira...

Itsasontziak nolakoak dira?

65 oin luzera duen itsasontzia da, 21 metro pasatxo. 14 tona ditu, beraz, oso arina dela esan daiteke duen tamainarako. Abiadura handia har dezake eta haize ufada indartsuak garaitzeko gai da. Punta-puntako barkua da.

Taldea nortzuk osatzen duzue?

Proiektua hasi aurretik babesleak lortzeko lan egiten dutenetatik hasita, ia berrogei laguneko taldea osatzen dugu.

Itsasontzian bertan aritzen zaretenak?

Bederatziko taldea gara ontzian, eta gurekin batera irudiak hartzen dituen pertsona bat ere izan dugu.

Kapitain moduan aritu zara lehen aldiz. Beraz, aurtengoa erronka handiagoa izango zen zuretzat, ezta?

Bai. Dena den, egia da aurreko proiektuetan beste postu batzuetan izan naizela, baina, beti ere kapitain postutik gertu.

Taldearen osaketa izan da, besteak beste, zure zeregina.

Bosgarrenez egin dut Volvo Ocean Race, eta belaren mundua hain handia ez dela kontuan hartuta, ia denok elkar ezagutzen dugu. Aurtengo proban aurrekoan izan ginen lau kidek errepikatu dugu. Gainerakoak ezagutzen nituen, agian beraiekin ez nuen lehenagotik nabigatu, baina beraien erreferentziak banituen. Nire egiteko nagusiena taldea osatzea da.

Eta, gainerakoan, zer lan izaten du kapitainak?

Itsasoratu aurretik alor asko antolatu behar dituzu. Ontziari dagozkionak batetik, gero logistika kontuak ere bai, ordezkoak ere prestatu behar dira badaezpada... Bederatzi etapa dira munduan zehar, erronka asko daude eta guztia kontrolpean eduki behar duzu.

Txinatarrek irabazi dute proba. Arerio gogorrak dira?

Oso talde ona da. Babeslea txinatarra da, baina tripulazioko kideak ia osotasunean frantziarrak dira. Ezagutzen ditugu, eta oso estropadalari onak dira. Bi taldeak izan ginen lehenak prestaketei ekiten, eta bagenekin beraiek izango zirela aurkari gogorrenak. Eta, horrela izan da, estropada guztian zehar beraiek eta guk txandakatu dugu lehen postua.

Hain parekatuta joan da, non azken etapan erabaki zen dena.

Ez dut inoiz hain parekatua izan den Biran parte hartu. Etapak 20-25 egunekoak izaten dira, eta nahiz eta dena ematera joan, oreka ere mantendu behar duzu, ezinezkoa izaten baita maila horretan segitzea. Baina, probaren erdian konturatu ginen geroz eta gehiago estutu orduan eta hobe gindoazela. Beraz, ezin genuen gehiegi deskantsatu. Txinatarrak eta gu egon gara gehien estutzen, eta horregatik mantendu gara bi taldeak lehen postuetan.

Proba parekatuagoa izateak interesgarriago egiten du.

Guretzat ere interesgarriagoa da lehia hori mantentzea. Baina, egia da, estresa asko igotzen dela eta proba luzeago egiten dela.

Hori bai, amaieran azpimarratu duzun beste ezaugarrietako bat izan da ondo pasa duzuela.

Bai. Egia da emaitzak zerikusia duela horretan. Eta taldeak ere bai. Ezaugarri anitzak dituzten kideak izan ditugu taldean: talentu handiko jendea, lan egiteko gogoa dutenak, umoretsuagoak batzuk, serioagoak besteak, gazteak, helduagoak... Talde orekatua osatu dugu, eta une on eta ez hain onekin, orokorrean, ondo pasa dugula esan daiteke, disfrutatu egin dugula.

Aurrera begira jarrita, hasi al zara hurrengo proiektuan pentsatzen?

Orain atseden hartzeko egunak hartu ditut, baina, baditut proiektuak buruan. 2021ean Amerika Kopan hartuko dut parte eta urte horretan izango da hurrengo Munduari Bira. Bi horietarako segituan hasiko naiz lanean. Neguan, esaterako, hilean bi aste kanpoan izango naiz entrenatzen, eta bi aste etxean.

Hori du kirol honek duen alde txarrena agian?

Bai. Aurten ia bi astez jarraian ere ez naiz egon etxean. Ez naiz kexatzen, zorte handia dudalako, baina, duen alde negatiboena hori da.

Zer eman dizu belak?

Asko. Afizio moduan hasi ginen, eta lanbide bilakatu zen. Poztasun handia eta une oso onak eman dizkit. Olinpiar jokoetatik hasi eta azken urteetan egindako Munduari Biretara. Horrekin batera, jende asko ezagutzeko aukera eman dit, eta horrek ere asko balio du. Ilusio handia dut oraindik ere, baina, egia da familia duzun heinean geroz eta gehiago baloratzen dituzula etxekoekin etxean igarotzeko uneak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!