Erosketak etxera eramateko kanpaina abiaraziko dute ostiralean, Ibarran

Ataria 2018ko irailaren 5a

Ibarrako Merkatarien Elkarteak herrian bertan egindako erosketak etxera eramateko kanpaina jarriko du martxan ostiralean: Herrian erosi, etxean jaso.

Ibarrako 14 denda atxiki dira kanpainara: Joakin Tolosa harategia, Bikoitz arrandegia, Bitxori, Oramahai Makiu, Joxe Mari Barriola harategia, Oreka belar denda, Leina estetika zentroa, Ibarra altzariak, Eugenio Uranga harategia, Errotatxo okindegia, Ibarburu Coviran, Xabier Errazkin harategia, Lurdes liburu denda eta Kiribil ile apaindegia.

Merkatarien elkarteak azaldu duenez, «helburua erraztasunak ematea da. Heldu askok ezin dute erosketekin aurrera eta atzera ibili eta gazte ugarik erosketak internet bidez edo erosketa gune handietara joanda egiten dituzte, horregatik egin dugu eskaintza, erosketak herrian bertan egiteko». Erosketak bizikletan banatuko dituzte, «gutxien kutsatzen duen ibilgailua delako».

Eskaerak dendan bertan edo telefonoz egin daitezke eta ordainketa berriz, dendan eskaera egiterakoan edo erosketa etxean jasotzerakoan egin daiteke. Eskaerak astearte eta ostiraletan egin behar dira 12:00ak baino lehen, eta banaketa 13:00etatik 14:00etara egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!