Mugak gainditzen jarraitzeko festa egingo dute Lizarran

Ataria 2018ko ira. 4a, 15:29

Iaz Algortan ospatutako Euskal Herria Eguneko irudi bat.

Euskal Herria Egunaren 10. urteurrena ospatuko dute hilaren 22an; autobusak eta beste hainbat kontu antolatzeko batzar irekia egingo dute hilaren 14an.

Lizarra eta Ibarraren arteko senidetze eguna bezala jaio zenak, hamar urte beteko ditu aurten. Euskal Herria Eguna Nafarroako herrian ospatuko dute irailaren 22an eta ohi bezala egun osoko jaia antolatu dute.

Aurten ere Euskal Herriko herrialde guztietako jendea gonbidatu dute Euskal Herria Egunean parte hartzera; «hasierako senidetzeak atzean utzi eta mugak gainditu nahi ditugu. Herri guztietako herritarrak gonbidatzen ditugu parte hartzera eta urteurrena izanda, Ibarra bertatik eta Tolosaldetik Lizarrakoei babes berezia eman nahi diegu», esan du Unai Igartua antolatzaileetako batek.

Lizarran egun osoko egitaraua prestatu dute; ohiko bazkaria, haurrentzako txokoa, jokoak, kalejirak, musika... «Kristoren lana egiten ari dira jai eguna osatzeko eta oso ondo egongo litzateke Ibarratik eta Tolosaldetik jende asko joatea, babesa emateko. Lagunartean pasatzeko eguna izango da irailaren 22koa. Deialdi irekia da dena den, edozein herritatik etorri daiteke jendea», esan du.

Ohi bezala Ibarratik autobusak antolatuko dituzte ordutegi ezberdinekin, eta izena Ibarrako Atari, Txumitxa, Danon Txokoa, Karlatz eta erretirodunen tabernetan, Gaztetxean eta Sendi Ekintza elkartean eman daiteke.

Autobusen ordutegiak eta beste hainbat kontu lotzeko batzar irekia egingo dute hilaren 14an 19:00etan, Ibarrako plazan.

10 URTE

2009an sortu zen Euskal Herria Eguna. Ibarra eta Lizarrako herritarren arteko senidetzea egin zuten eta gerora Algortan, Baigorrin, Maulen, Itsasun eta Agurainen egin dituzte jaiak. Iaz Algortara bueltatu ziren. Senidetzeak gainditu dituzte jada, hala ere.

«Senidetzeez harago dinamika herri guztietara zabaltzen aritu gara azken urteetan. Helburua bera da, nazio bat garela aldarrikatzea eta herri desberdinen arteko eragile, elkarte eta herritarren arteko harremana sustatzea, batak bestearen errealitatea ezagutu ahal izateko», esan du Igartuak.

Euskal Herria Eguna jai egun bakar batera mugatzea baino, harremanak sortzea du helburu, eta urte guztian dinamikak sortzea lortzen dutela dio antolatzaileak.

Pasa den urtean 200 bat pertsona bildu ziren Algortako Portu Zaharrean Euskal Herria Eguna ospatzeko.

 

EUSKAL HERRIA EGUNA

Irailak 22

  • 09:30. Dianak.
  • 10:30. Ongietorria Sugarra gaztetxean.
  • 12:30. Kalejira.
  • 13:30. Ekitaldia.
  • 13:40. Haurrentzako jolasak eta bertso-bermuta.
  • 14:30. Herri bazkaria.
  • 17:00. Herri ginkana.
  • 19:00. Kalejira elektrotxarangarekin.
  • 20:00. Lizarran Kantuz.
  • 21:00. Pintxoteo, Peña La Botan.
  • 23:00. Kontzertuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!