Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Ardoa, piperrak, tomatea eta sardinak

Imanol Garcia Landa 2018ko abuztuaren 27a

Hasi dute Kuadrillen Eguna Ibarrako festetan. Katxikuak 2002 kuadrilla berriari ongi etorria egin ondoren, ekin diote kalejirari.

Giroarte dultzaina taldea eta Bonberenea txarangak alaiturik, hainbat kuadrilla atera dira Ibarratik zehar poteoa egiteko. Tartean izan dira Ardoki eta Zergatik ez? kuadrillakoak ardoa banatzen, Piperrak kuadrillakoak Ibarrako piperrak eta tomatea banatzen, eta Sardinerak kuadrillakoak, noski, sardinak erre eta banatzen. Azken hauek, gainera, aldarrikapen eta guzti eginez, "Pentsioak bai, erretirorik ez" lelopean.

Ardoki kuadrillakoak 35 urte inguru hasi ziren ardoa banatzen, eta gero gehitu zitzaien Zergatik ez? kuadrillakoak. 100 litro ardoko kupela sartzen dute auto barruan, fresko egoteko izotzarekin eta landareak jarriz, eta jendeari banatzen joaten dira. Aurretik, gosaltzeko, elkartean baba beltzak jateko ohitura dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!