Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Ibarra murgildu da festetan

Imanol Garcia Landa 2018ko abu. 23a, 13:46

Ibarrako Merkatarien Elkartea ordezkatuz, Enrike Rubiñosek eta Manke Davilak eman diote hasiera San Bartolome jaiei. Erraldoi eta buruhandien kalejirak eman dio segida txupinazoari, Bartola eta Bartolo aurretik zituztela.

Rubiñosek eta Davilak herri bizi bat izatearen garrantzia nabarmendu dute. "Ibarrari 'bizi' hori ematen diotena herritarrak dira noski, baina baita herriko komertzioak ere. Komertziorik gabe, Ibarra lotarako herri bat besterik ez litzateke izango. Beraz, eta asko luzatu gabe, herritarrei deialdia egiten diegu bertan kontsumitzeko, herriari bizia emateko eta 'Ibarran hazi, hezi eta bizitzeko', herri honek duen xarma piztuta iraun dezan luzarorako", azaldu dute. Bestalde, Ibarrako merkatariek "jai parekide zein zoriontsu batzuk" opa dituzte, "eraso sexistarik gabeko jai zoriontsuak". Azkenik, "kilometroetan urrun eta argazkietan soilik ditugun horiek festak galtzen dituzten azken urtea izan dadin" espero dutela azaldu dute. 

Suziria lehertu ondoren, goxokiak bota dituzte balkoitik, eta jarraian hasi da kalejira. Bartola eta Bartolo joan dira bidea irekiz, atzetik Villabonako eta Zizurkilgo erraldoiak zituztela. Buruhandiek korrika eginarazi diete herriko gaztetxoei. Bitartean, Ibarrako Merkatarien Elkarteak hamaiketakoa banatu du plazan.

Suziria bota aurretik, bozeto eta diseinu lehiaketen sari banaketa egin da. Bozeto lehiaketako irabazleak Mattin Jauregi Lopetegi eta Ibai Rosa Sanz izan dira, eta egitarauaren liburuxkaren azalaren egilea Joxe Ramon Egibar Brigante izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!