Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

40 urteko erritua: piparrak eta tomateak jatea

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2018ko abu. 22a, 20:11

Gutako asko jaio aurretik, Ibarrako plazan banatzen ziren piparrak eta tomateak. 1978. urtean izan zen lehen aldiz, duela 40 urte.

Ordura arte, bestelakoa zen egitaraua: udal korporazioa eta beste autoritateak udaletxetik ateratzen ziren Alkate soñua txistu doinuekin elizaraino. Ondoren, santuarekin prozesioa egin eta meza izaten zen. Horiek amaituta, udaleko kideak eta Elizako eta herriko beste autoritateak udaletxean hamaiketako tradizionala egiten zuten. Garaiak aldatzen ari ziren, ordea, eta boterearen “petit comite” otordua herritar guztientzat zabaldu zen herriko plazan. Ikastolaren tabernan banatu ziren lehen aldiz, Lizasoren eta Lazkanoren bertsoekin batera. Janari eskaintza xumea zirudiena herriko erritu garrantzitsuena bilakatuko zen gerora.

Herriko tabernen garrantzia errituaren sorreran
Aurten izango da 41. pipar eta tomate banaketa. Hala ere, ez zen orduan hasi San Bartolome egunean piparrak jateko usadioa, izan ere, herriko tabernetan piparrak jatea ohikoa zen San Bartolome egunean aspalditik. Ez dakigu noiz hasi ziren, baina badakigu 1932. urtean irekitako Zubiaurre tabernakoek zuten baratzean laster hartu zuela protagonismoa piparrak. Sanbartolomeetarako piparrak izatea nahitaezkoa zen: piparrak bildu eta garrafoi handietan sartzen ziren ozpinetan, eta astebeteren buruan jateko moduan ziren olio pixka bat eta gatza botata.

Elizaurre etxean (orain Ibai gain 6) aurkitzen zen Txinparta bodegoian ere hiru garrafoi prestatzen zituzten jaietarako. 1963. urtean itxi zen bodegoi honetara Nafarroatik ekartzen zen ardoa, eta igandeetan Tolosako familia askoren plana izateaz gain, antzerkiak ere antolatu izan ziren, eta ohikoa zen kanpoan zuen tokaren burdin soinua entzutea ere. Argindegikoek hartu zutenean, ohikoa zen edozein egunetan herriko gazteak joatea porroi bat ardo edatera eta pipar platerkadak jatera.

1950. urtean ireki zen Barre edo Joxepane tabernan, herriko jaietarako eta udazkeneko denboraldirako garrafoi dezente prestatzen zituzten herriko baratzainei piparrak erosita, eta Euskal Herria errepidean jarritako mahai luzeak Tolosako eta Ibarrako herritarrez betetzen ziren piparrak jateko sanbartolomeetan.

1973. urtean irekitako Txumitxa tabernan, laster bilakatu zen produktu izar baratzetako mariskoa. Uzta txar baten ostean, herriko jaietarako ez zen piparrik urte batean, ordea: "Juanito, a ze fundamentua! Ibarrako festak eta piparrik gabe?", esan zioten bertako aitari, baina hark erantzuna laster bota zien: "Lasai, hurrengo urtean langostinoak izango dira!". Halaxe, herriko sinbolo bilakatuko zena geroz eta bereziagoa zen. Txumitxa izan da, era berean, pipar frijituaren errudunetako bat.

Aldaketa errituaren baitan
1987. urtean, herriko plazako ohiko banaketara Txumitxakoak batu ziren, pipar frijitze erakustaldia egitera eta bertako herritarrei pipar frijituak eskaintzera: "Prestakuntza erakusketa" dio jaietako programak. Orain "show cooking-a" modan badago ere, urte mordoa da Ibarran egiten dela. Pipar eta tomate banaketan, zartaginak jarri ziren martxan, pipar frijituen boomari hasiera emanez, nahiz eta urte batzuk lehenago hasi ziren tabernan prestatzen. Aldaketak bizi izan ditu festak. Horien artean, garai honetan hasi zirela herriko baratzain guztiak batera lanean, plazako banaketan.

Gero batu ziren Zubelzu eta Kooperatiba Sanbartolome eguneko ekitaldi garrantzitsu honetara. Hala ere, 2012. urtean gertatu zen aldaketa nabarmena. Zaborrak gutxitze aldera, udal taldeak platerak eta basoak berrerabiltzeko sistema jarri zuen martxan: euro baten truke hartu eta ilaran jarrita beteko zitzaizkien. Horrekin batera, beste helburu bat ere bazuten: piparrak eta tomateak zerbitzatzeko bestelako antolaketa bat egitea. Hortik aurrera, amaitu zen platerak hartzeko guda, oihan basati hura. Ukondo-kolpeak, zapalketak, estutasunak eta larrialdiak. Hondamendi osteko janari banaketa zirudiena zerbait lasaia eta atsegina bilakatu da orduz geroztik. Hala ere, esan beharra dago herritar askok jarraitzen duela platerkadak tabernetan hartzen, eta Tolosako, inguruko eta Euskal Herriko jende asko etortzen dela plazara, plazer txiki hauekin gozatzera.

Ibarrako erritu garrantzitsua
Kanpaien eguerdiko hamabietako dilin-dolon hotsekin batera ematen zaio hasiera urte osoko egun garrantzitsueneko ekitaldi berezi honi. Lehen platerkada herriko alkate eta zinegotzientzat izan ohi da, eta urte osoko kezka eta arazoak alboratuta, elkarrekin jaten dituzte piparrak, "bake-pipa" baten tankeran. Egun handia izan ohi da baratzain eta herriko produktoreentzat, harrotasun sanoa eta elkarlana sortuaz. Euren lanaren fruituak herritarrekin elkarbanatzen dituzte, giro ona elikatu nahirik. Baina berezi bada zerbaitengatik erritu hau duen balio sinbolikoagatik da. Abuztuaren 24an piparra jatea, ibartartasuna sartzea da; herritarren komunioa. Ibarrakoa zarela sentitzea eta aldarrikatzea da egun honetan piparrak jatea: nortasuna. Txumitxako Joseanek dioen bezala, "badirudi egun honetan piparrik jaten ez baduzu, ez zarela Ibarrakoa".

Erritu garrantzitsua Ibarran, bizia eta aldakorra, eta konstituzioa bera baino zaharragoa dela esan dezakeguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!