Hamar kanaerdiko ebaki eta 5 kilometro egin behar zituzten korrika. Arria V.ak lan guztia egin behar zuen, eta aurkariek erdibana. 40 minutu eta 18 segundotan egin zuen proba irabazleak eta segoviarrek 41 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten. Aizkoran indartsu hasi zen Arria V.a eta abantaila hartu zien aurkariei: "Abantaila hori administratzen aritu nintzen, gero korrika egin behar zelako eta ito gabe ibili nahi nuen".
Bi minutu lehenago bukatu zituen aizkora lanak. Aurkariek erdibana egin zuten aizkoran, eta enbor gainean azkena aritu zena atera zen korrika. Horrek 2,5 kilometro egin zituen korrika, eta tarte horretan denbora pixka bat ere irabazi zuen Arria V.ak. "Bigarrena hasi zenean korrika, gehiago gerturatu zen, baina ez nuen ikusi arriskuan garaipena", azaldu du Ibarrako kirolariak.
Desafioari buruz neguan hitz egiten hasi ziren. Segoviako parte batean, Madril aldera joanik dagoen mendi inguruetan, aizkorarekiko afizio handia dagoela azaldu du Arria V.ak: "Gabarreros izena hartzen dute aizkoran aritzen direnak, eta txapelketak eta apustuak egiten dituzte". Hain justu, Huertas eta Frailek apustu bat egin zuten elkarren aurka, aizkoran eta korrika. Segoviako promotore batek lagun baten bitartez kontaktua egin zuen Arria V.arekin eta horrela sortu zen bi segoviarren aurkako norgehiagoka. "Jende asko etorri da desafioa ikustera", esan du Arria V.ak. "Gainera, harritu egin naiz, nire berri bazutela esan didatelako: nire apustuak ikustera joan izan direla ere aipatu didate bertakoek". Gustura aritu da Segovian Arria V.a eta ziurrenik errebantxa jokatuko dutela aipatu du.