«Duela bi urte nire lekua ez zegoen ACBn; orain jokalari osoagoa naiz»

Mikel Iraola 2018ko abu. 17a, 07:51

Duela bi urteko maiatzaren 1ean, Gasteizko Buesa Arena kantxa historikoan segundo batzuk jokatzeko aukera izan zuen Gaizka Maizak. Orain, berriz, urte guztian zehar, Estatuko talde onenen aurka arituko da. Ibartarrak, astelehenean hasiko du denboraldi-aurrea GBC taldearekin.

Gaizka Maiza Apezetxeak (Ibarra, 1996) ostiral arrunt batean jaso zuen TAKEko lehen taldearekin lehen aldiz entrenatzeko aukera. Behin bakarrik pasako zen tren hura hartu, eta azkenean, heldu da azken geltokira. Urte batez, Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldean utzita jokatu ondoren, aurtengo denboralditik aurrera, ACB ligan jokatuko du, Donostiako GBC taldean. Ondoan izango dituen taldekide berrien laguntzaz, asko ikastea espero du antolatzaile ibartarrak.
 
Duela hiru denboraldi egin zenuen debuta ACBn. Esan daiteke bigarren ametsa betetzera zoazela?

Baietz esan liteke. Etxean asko bizi da saskibaloia, aitak jokatzen baitzuen. Ni futbolean hasi nintzen, baina 12 urterekin utzi egin nuen eta saskibaloian hasi nintzen. Aita, anaia eta hiruok futbolean jolastera joaten ginean, bukatu ondoren beti jaurtiketa batzuk botatzera joaten ginen saskibaloi zelaira. Betidanik gustuko izan dudan kirola da, eta ACB nahiz Euroligako partidak ikusi izan ditut telebistatik. Niretzat erreferente izan dira hor dabiltzanak, eta urteek aurrera egin ahala, nik ere hor egoteko aukera izan nezakeela pentsatu izan dut. Ba azkenean izango dut aukera hori eta aprobetxatzen saiatuko naiz, horretarako lan egingo dut. Ez dago besterik.

Gogoan duzu Buesa Arenan debuta egin zenueneko hartan zer sentitu zenuen?

Bai, noski. Urduri nengoen, lehen aldia zelako. Buesa Arena kantxa handia da, eta nahiz eta beterik ez egon, inpresioa egiten du. Lagunak eta familia ere han ziren. Inor gutxietsi gabe, baina Baskonia bezalako talde baten aurka debuta egitea berezia izan zen niretzat. 

Baskoniazale ere bazara.

Askotan joan izan gara Gasteizera, eta ETBn ostegunetan Euroligako partidak emititzen zituztenean denak ikusten nituen.

Azken urteotan GBCrekin harreman estua izan baduzu ere, Azpeitian aritu zara jokatzen. Zure helburuan artean zegoen GBCrekin denboraldi osoa egitea?

Egia esateko ez. Urrats txikiak ematen joan naiz. Egia esan, duela bi urte nire lekua ez zegoen ACBn. Orduan Zilarrezko LEB mailan nengoen, eta oraindik alde handia zegoen fisikoki edota jokatzeko eran. Orain jokalari osoagoa naiz. Mundu profesionalean sartzen zarenean beti duzu gogoa mailarik altuenera iristeko, baina ez da helburu bat izan.

Nola hartu zenuen berria?

Nik kontratua nuen, eta aurreko denboraldian utzita jokatu nuen Iraurgin. Aurten banekien aukera hau sor zitekeela, baina beste aukera askoren artean zegoen. Ez nengoen obsesionatuta horrekin. Azkenean aukera hori mahai gainean jarri zidaten, familiarekin hitz egin eta egokia iruditu zitzaigun. Gustura gaude.

Familia aipatu duzu. Etxekoak zure lehen jarraitzaileak izan dira, TAKErekin jokatzen zenuenetik.

Futbolen ibiltzen ginenetik jarraitu izan gaituzte, bai niri, baita anaiari ere. Harmailetara begiratzean ama eta aita hor egoten dira animatzen. Tarteka amona, aitona, edo osabaren bat ere bai. Guretzat gauza ona da hori, beraiek ere egiten duzun horrekin interesatuta daudelako. Ez dakit noizbait horrela esan diedan, baina oso eskertuta nago eman didaten laguntza guztiagatik. Beti langundu izan naute, aurpegi txarrik jarri gabe. Kanpoan jokatu izan dugun batzuetan asteburu pasa egitera etorri dira. Harro egoteko modukoa da hori.

Aukera hori aztertzerakoan, zerbait esan dizute bereziki?

Gomendatu naute ahalik eta lan gehiena egitera, saiatzera. Aukera hor dagoela eta aprobetxatzen saiatu behar dudala esan didate, besterik ez.

Jarraitu duzun ibilbideaz hausnartzen hasita, zer pasatzen zaizu burutik?

Pixkanaka joan naiz, ez dut salto handirik eman. TAKErekin jubeniletan hasi nintzen. 14 urte nituela, ostiral batean, Gonzik lehen taldearekin entrenatzeko aukera eman zidan. Ongi gogoan dut. Pixkanaka lehen taldean sartu nintzen, EBA ligan jokatzeraino. Gero Iraurgira joateko aukera izan nuen, eta pixkana nire bidea egiten joan naiz. Soinu asko egin gabe, pixkanaka lan eginez. Eta horri ematen diot garrantzia.

 

 

Nola sentitzen zara orain?

Poza da hitza. Lan asko egin behar izan dut honaino iristeko. Kanpotik kantxan gertatzen dena bakarrik ikusten da, baina horrez gain lan asko egin behar izaten da, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Kirol profesionala jendeak pentsatzen duena baino gogorragoa da. Ez da entrenamendu soil bat bakarrik: bideoak ikusi behar dira, ariketak egin behar dira egunero, gorputza zaindu behar da, elikadura ere bai...  Alde horretatik burua nahiko zuzen izan dudala uste dut, eta gurasoek asko lagundu naute zentzu horretan. Beti esan izan didate gauza bat lortu nahi izanez gero, sakrifizio bat egin beharra dagoela. Ni ere joan naiz ikasten, zer egin eta ez. Kirol profesionalak dedikazio hori du, baina gustura egiten dut eta hau egindako lanketa horren emaitza da. Horregatik nago pozik.

Alor psikologikoa aipatu duzu. Nola prestatzen da burua?

Beharrezkoa da. Azken batean, edozein lesioren ondorioz, jokatu gabe gera zaitezke, eta taldeko dinamikatik kanpo geratu. Min hartua duzun zonalde hori landu behar duzu bakarka, eta hori batzuetan gogorra da. Guk ez dugu psikologorik, baina klubeko jendea edozertarako prest dago beti, eta laguntza hori izatea oso lagungarria da.

Hiru urte eman dituzu Iraurgin. Zer nolako urteak izan dira?

Balantze ona egiten dut. Kluba bera hazten doa, eta nik horretan lagundu dut, klubak ni hazi nadin lan egin duen bezala. Zilarrezko LEB mailan jokatzeko aukera eman zidan, oso gazte nintzela. Entrenatzaileak asko exijitu zidan, eta une gogorrak ere pasa nituen, baina gero konturatzen zara asko ikasi zenuela urte horretan. Bigarren urtea oso polita izan zen, Urrezko LEB ligara igotzea lortu genuelako. Azken urtea ere ederra izan da, Iraurgi bezalako klub txiki batekin maila horretan lehian aritzea ikaragarria delako. Erronka bat zen klubarentzat eta gu guztiontzat. Pena da ez genuela mailari eustea lortu, baina, hala ere, uste dut urte oso ona eta aberasgarria izan dela guztiontzat. Bide horretan taldekide oso onak tokatu zaizkit eta esker hitzak besterik ez ditut klubeko jendearentzat.

Zertan aldatu da Gaizka Maiza Iraurgin sartu zenetik, atera den arte?

Ez dakit ba, ohiko aldaketaz gain, gehiago aldatu ote naizen. Fisikoki eta psikologikoki indartsuagoa naiz bai, hau da, jokalari osoagoa, baino asko dut ikasteko. Beti izan dut babesa etxean eta taldean, betiko lagunekin egoten naiz ahal dudanean.... Berdin-berdin jarraitzen dut gainontzean.

Zer nabarmenduko zenuke azken hiru urte hauetatik?

Igoera, dudarik gabe. Oso une berezi eta polita izan zen. Eta esan dudan moduan, Iraurgi bezalako talde batekin Urrezko LEB mailan jokatzea, nahiz eta mailaz jaitsi, sekulakoa izan da. Berezia izan da horren parte sentitzea.

Zer lortu nahiko zenuke GBCn?

Badakit lan asko egin beharko dudala nire lekua topatzeko, eta nire helburua da aurten gauzak ahalik eta ondoen egitea. Etorkizun batean rol garrantzitsuago bat izan ahalko banu GBCn, primeran. Baina ez dakit datorren urtean zer gertatuko den. Ezin dut luzera begiratu. Aurten ikasi besterik ez dut, eta horretarako taldekide onak ditut alboan. ACBn hainbeste urte daramatzan Fede Van Lacke bat ondoan egotea paregabea da ikasteko.

Entrenatzaile aldaketa izan da GBCn. Hitz egiteko aukera izan duzu Fisac nahiz Valdeolmillosekin?

Bai. Fisacek debutatzeko aukera eman zidan, aurten ere lau partida jokatu ahal izan ditut, eta oso eskertua egongo naiz beti. Valdeolmillosekin aurrez aurre egon nintzen denboraldia amaitu ostean, baina hortik aurrera ez dut aukera gehiagorik izan. Hilaren 20n hasiko da aurredenboraldia eta hor ikusiko dugu elkar.

Aurten, orduan, Ibarrako festarik ez zuretzat.

Urte batzuk daramatzat egon gabe. Baina barneratua dut, ondo daramat. Azken batean, esan dizudan bezala, kirol profesionalak sakrifizio hori du. 

Ilusio berezirik denboraldi berriari begira?

Kantxa gutxi batzuetan egon naiz, baina polita izango da guztiak ezagutzea, bakoitzaren giroa ezberdina delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!