Euskal Herria kaleko asfaltatze lanak, jaietarako prest

Ataria 2018ko abuztuaren 7a

Euskal Herria kaleko 5 zenbakitik 17rako tartean amaitu dituzte lanak, eta Azkueko zubirainoko lanak bukatuta egongo dira San Bartolome jaietarako, hornitzaileak azaldu duenez.

Aparkalekuen norantza lekuz aldatu dute asfaltatze lanak egindako eremu horretan, aparkeluen zabalera handitzearekin batera. Horri esker, segurtasun baldintzak hobetu direla azpimarratu du udalak, izan ere, autoak atzeraka aparkatu beharko dira. 

«Ohiturak aldatu bitartean, deserosoa izan daitekeen arren, epe luzera hobekuntzak ekarriko ditu; aparkalekutik kotxea ateratzerakoan gidariak erraztasun eta ikusgarritasun gehiago izango du eta aurrean izan ditzakeen oinezko, txirrindulari edo beste ibilgailuekin talka arriskua gutxiagotuko da. Gainera, espaloitik maleteroa irekitzeko aukera ematen du».

Funtzionamendu egokia bermatzeko, aparkaleku horien aurrean marra jarraia jarriko da errepidean, Tolosatik datozen ibilgailuak zuzenean ez sartzeko. Bestalde, zamalanentzako espazioa mantendu da eta horien aurrean marra ez zuzena mantenduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!