Arreta egokia bermatzeko protokoloa martxan

Tolosaldeko Ataria 2018ko abu. 1a, 17:59
Herritar talde batek luzatuta, San Bartolome plazan elkarretaratzea egin zuten uztailaren 15ean, eraso sexistak salatu eta horien biktimei babesa azaltzeko. R. CALVO

Ibarrako Udalak, indarkeria sexista jasaten duten emakumeei laguntza eskaintzeko proiektua abiaraziko du. 2017 urtean onartu zen protokoloa burutzea, Berdintasun Planaren helburuetako bat baita.

2017. urtean, Ibarrako lehenengo Berdintasun Plana osatu zuten, 2017-2020 epe tartea barne biltzen zuena. Plana egiteko prozesuaren baitan, egoeraren diagnostikoa egin zen, eta herrian indarkeria sexistaren gaiarekin lotura duten hainbat ekimen egin badira ere, herritarrak horren inguruan sentsibilizatzeko beharra zegoela ikusi zen eta gai hori maiztasunez landu beharrekoa zela ondorioztatu zen. Gainera, indarkeria sexista jasan duten emakumeei eman beharreko arreta sistematizatzeko beharra ere nabarmendu zen.

Ondorioz, Berdintasun Planak, “Indarkeria Sexistarik Gabeko Herria” lelopean, ondorengo helburua jaso zuen: Indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei babes eta arreta osoa bermatzea. Honela, egitera doazen protokoloa burutzea onartu zen iazko urtean eta 2018rako ekintza moduan jaso zen, aurrez aipatutako protokoloa lantzea, horretan inplikatuta dauden erakundeen artean eta herritarren artean zabalduz. Prozesu hau guztia aurrera eramaten laguntzeko, Ibarrako Udalak Farapi kooperatiba kontratatu du.

Ibarran indarkeria sexista jasaten duten emakumeen arreta egokia bermatzeko protokoloaren helburuak honakoak dira:

- Egun, Ibarran, indarkeria sexista jasaten duten emakumeei ematen zaien zerbitzua aztertzea, prozedurak ezagutzea eta baloratzea, ahultasunak eta hobekuntza bideak aurkitzea eta indar guneak identifikatzea.

- Emakumeen zuzeneko arretan parte-hartzeen duen oro sentsibilizatzea, profesional ezberdinen arteko elkar ezagutza eta elkarlana sustatu eta finkatzea.

- Arlo ezberdinetako profesional guztien inplikazioa eta adostasuna lortzea.

- Emakumeen aurkako indarkeriari herri mailako ikuspegi partekatu batekin erantzutea eta aurre egitea.

Prozedura, berriz, honakoa hau izango da:

- Egiten den lana ezagutzeko, diagnostikoa burutuko dute protokoloa gauzatzen laguntzeko kontratatutako lan taldeko kideek (Farapi), prozedura horretan parte hartzen duten agenteekin elkarrizketak eginez.

- Diagnostikoaren ondorioak azalduko zaizkie prozesuan parte hartzen dutenei: Osasun langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuetako langileak, Berdintasun dinamizatzailea, Udaleko ordezkari politikoak, herriko emakume talde edo mugimendu feministako kideak, eta indarkeria sexista jasan duten emakumeak (haiek horrela nahi badute).

Hurrengo pausoa, protokoloaren diseinu faseari heltzea izango da. Aurrez aipaturiko eragileekin elkarlanean osatutako 4 saio izango dira, Ibarrako errealitatearen beharrei erantzungo dien protokoloa denen artean eraikiko delarik. Azkenik, protokoloa behin diseinatu eta adostuta, honen aurkezpen publikoa egingo da, prozesuan partaide izan diren eragileei eta Ibarrako jendarte guztiari azaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!