Arroparen kolektibizazioa sustatzeko ekimena Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 25a, 08:00

Ibarrako Gazte Asanbladak hilaren 27an aurkeztuko die herritarrei proiektua; 18:00etan jarri dute hitzordua, KZgunean.

Ibarrako Gazte Asanbladak indarrean dagoen «kontsumo eredutik askatu eta arropa erosi beharrean kolektibizatzeko» eta «karitatetik harago klase elkartasuna landuz, bizitza aurrera eramateko zailtasunak dituzten desjabetuen beharrak asetzeko erraztasunak jartzeko» helburuz, arropa kolektibizitzako ekimena abiarazi du. Duela hilabete batzuk arropa bilketa egin zuten herriko plazan eta orain, bildutako guztia txukundu eta KZgunea zen lokalean (Uzturre kalean, dantzako lokalaren ondoan) jarri dute eskuragarri.
Aurkezpena ostiralean egingo dute, hilak 27, 18:00etatik aurrera KZgunean bertan. «Inaugurazioan merienda, aurkezpen bideoa eta abar izango ditugu, beraz, herritar guztiak animatzen ditugu egun horretan aurkezpenera gerturatzera. Izan ere. proiektu hau ateratzeko zuen inplikazioa ezinbestekoa izango da», esan du gazte asanbladak.

KZgunean era guztietako arropak bildu dituztela esan du Ibarrako Gazte Asanbladak; galtzak, kamisetak, berokiak, zapatak, bainujantziak... «eta, alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiogu arropa bilketan lagundu duen langile orori».

Aurrerantzean lokala egun eta ordutegi jakinetan irekiko dutela ere esan dute eta egun horietan edozeinek izango duela arropak hartu edo uzteko aukera. Aurrerago zehaztuko dituzte egunak eta ordutegi zehatza. «Gure beharrizanak merkantilizatzen dituen sistema baten bizi garenez, behar dugun guztia –janaria, ura, etxebizitza, arropa...– truke balio harremanen baitan soilik eskura ditzakegu, eta gure beharrizanak pixkanaka merkatuaren logikatik kanpoko eskuratu ahal izateko, arroparen auziari heldu genion», esan dute.
Ez da kontsumo eredu nagusiaren aurrean abiarazi duten ekimen bakarra, duela hilabete batzuk liburutegia jarri zuten Gaztetxean: «Liburuek ez dute jaberik, kolektibizazioan oinarritutako liburutegia da, eraiki nahi dugun jendartea bezalakoa, kolektibotasunean eta elkartasunean oinarritua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!