Oporren aurreko aisialdia

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 18a, 08:00

Ludoteka garaia da. Herri gehienetan eskaintzen dute zerbitzua eta haur zein gazteen jai egun hauek kudeatzen laguntzeko guneak sortzen dituzte. Ibarrako Oporretan Euskaraz da horietako bat.

Lanpetuta dabiltza Ibarrako Oporretan Euskaraz udaleku irekietako begiraleak. 100 haurretik gora dituzte. «Haur eta gazte asko dira, baina begiraleak oso gustura daude», esan du Izaskun Urrestarazu Oporretan Euskarazeko koordinatzaileak. Ibarran hiru zerbitzuren bidez kudeatzen dute ludoteka zerbitzua, dena den; Uzturpe ikastolak kudeatzen duen txikienen ludoteka, Txiribitu aisialdi taldeko begiraleen esku dagoena, eta Gaztezulo zerbitzua. «Guztien arteko harremana oso garrantzitsua da. Sanferminak ospatu genituen adibidez, eta aurreikusita ez bazegoen ere txikiekin batera aritu ginen, oso giro polita sortzen da», esan du Urrestarazuk.

Guztira hamabi begirale daude Oporretan Euskarazen eta Txiribitu aisialdi taldeko kideen artean urtean zehar egiten dituzten lanak oso erabilgarri zaiela esan du Urrestarazuk. «Urtean zehar hainbat ekintza ditugu eta baita udalekuak ere. Horrek guztiak asko laguntzen digu orain. Hezkide eskolak Txiribitun sinistu zuen duela lau bat urte ludoteka zerbitzua emateko eta oso eskertzekoa da», esan du.

Urte guztian zehar egiten duten lan horren emaitza da esaterako, programazioa: «Programazioa segituan egiten dugu, esperientziak ematen du erraztasun hori. Oso argi dugu hau ez dela denbora pasatzeko tokia, balore batzuk sustatu nahi ditugu eta horretarako hainbat joku edo jarduera daude. Programazioa egiteko helburu horiek hartzen ditugu kontuan», azaldu du.


Ludoteka zerbitzua hasi bezain pronto zabaltzen dute programazio hori, baina eguraldiaren araberako aldaketak ere egin behar izan dituzte. Ez da arazoa izan, hala ere. «Ohituta gaude, aldaketak egin behar badira, segituan egiten ditugu, helburu berarekin edo beste batekin, baina oso argi edukita balioetan oinarritu behar garela».

Adinka antolatzen dira eta talde bakoitzak egunero helburu bat du, «badira sartu nahi izaten ditugun hainbat jarduera, batez ere, gurasoek eskatuta; irteerak, gau bat kanpoan pasatzea... eta horietan helburuak gerora jartzen ditugu. Haur eta gazteak ezin dira beti herrian geratu, udara da, atera nahi dute... eskertzen da, hori oso argi genuen bai udalak, bai begiraleek eta baita nik koordinatzaile bezala ere».

Helburu horietan nagusietan haur eta gazteen arteko harremana mantentzea da, «asko ikastolan ikusten dira, baina behar bada ez dute harremanik eta ludotekak horretarako bide ematen die». Adinen arteko harremana sortu nahi dute ere, «taldeak bi urteka egiten ditugu eta horrek adin desberdinetako haurrak nahastea ekartzen du». Euskara, natura eta herria bera, Ibarra, sustatzearen alde ere egiten dute. «Badira balio gehiago ere, ekintzen arabera aldatzen direnak», esan du Urrestarazuk

Aurki bukatuko da ludoteka eta aste hauetan garapen bat eman dela dio koordinatzaileak. «Gazte gehienak ezagutzen ditugu jada, txikienak dira ezagutzen ez ditugunak, eta harrigarria da aste hauetan zein harreman sortzen duten begiraleekin. Hori konfiantzaren ondorio da, batez ere, gurasoek gugan jarri dutena, hori gero, haurrei transmititzen delako, eta oso eskertzekoa da. Hasieran programazioak ezer jakin gabe egiten ditugu eta ez dakigu mantenduko diren edo ez, haurrek nola erantzungo duten... baina oso ondo joan da dena, konturatu gabe pasa dira aste hauek».

Etzi, ostirala, egingo dute ludoteka bukaerako festa eta egun osora luzatuko da. 09:30ean aste hauetan ateratako argazkien emanaldia egingo dute kultur etxean, jaialdia egingo dute ondoren,plazan, eta hamaiketakoa egin eta gero, Gaztezulokoek prestatutako jokoak egingo dituzte. «Bazkaria ere egingo dugu. Gaztezuloko eta Gazte Asanbladako kideek prestatuko dute eta 16:30ean Gaztetxean Gazte Asanbladaren aurkezpena egingo dute. Bukatzeko bertso musikatuak izango dituzte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!