Ireki dute gizarte zerbitzuetako diru laguntzak eskatzeko epea

Ataria 2018ko uztailaren 11

Abuztuak 6 da Ibarrako Udaleko laguntzak eskatzeko azken eguna; elkarte zein gizabanakoek eskatu ditzakete.

Ibarrako udalbatzak maiatzaren 25ean onartu zituen gizarte zerbitzuetako diru laguntzen oinarriak. Oinarrien helburua da 2018an gizarte ekintzetako esparruan eman edo emango diren jarduerak, proiektuak edota programak laguntzea. Irabazi asmorik gabeko pertsona edo elkarteek eskatu ditzakete.
Diru laguntzetarako bazterketarik ez ematea, publizitatea, objektibotasuna, gardentasuna eta berdintasuna hartuko dituzte kontuan.

Diru laguntzak Ibarran bertan garatuko diren gizarte ekintzei edo dena delakoei emango dizkiete.
Zehazki, garapen bidean dauden herrialdeetara begirako lankidetza proiektuak, gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten gizabanako zein elkarteak, erretiratuen elkarteak, eta genero berdintasunean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde edo elkarteak lagunduko dituzte.

Diru laguntzak eskatu nahi dituztenek udaletxean bertan dauden inprimakiak bete beharko dituzte. Eta, besteak beste, erakunde edo taldeek estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute; pertsona juridikoen legezko ordezkari denaren NANaren fotokopia; Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia; eta zerga betebeharrak zein gizarte segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duen agiriak aurkeztu beharko dituzte. Era berean, erakunde eskatzaileak proiektua zein jarduera hobeto baloratzeko egoki ikusten duen informazio edo dokumentazioa ere aurkeztu ahal izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!