[GUTUNA] Urrundik heldu, naiz luze ibiliz: Oposaketak

Unai Igartua 2018ko eka. 29a, 07:36

Urrundik heldu, naiz luze ibiliz, bidez bide, eta bidetako…». Oposaketak hasteko 30 minutu falta dira, eta komunean, tripak estututa, kantu hori etorri zait burura, eta baita mugikorrean jarri ere, ea kirioak lasaitzen dizkidan.

Helmuga baino, bidea omen politena, eta kasu honetan ere halaxe izan dela onartu beharra daukat. Abenduan jakin genuen 2018an oposaketak izango zirela, eta urduritasunak harrapatuta, martxan jarri ginen hainbat lagun. «Ez dut egingo», «ez da nire momentua», «nik paso» bezalako asko entzunda, azkenik, parte hartzea erabaki nuen. Nire kasuan arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik nire lanean hobetze prozesu jarraian inflexio puntu bat izan daitekeela ziur naiz, beraz, hurrengo urtean gehiago jakingo dut, eta nire ezagutzak zabalagoak izango dira, anitzagoak. Beste alde batetik, garuna muskulu baten gisara hartzen badugu, landu, erabili eta indartzearen garrantzia ezin alde batera utzi, horrela, erronka gogorrera makurtuz, bost hilabeteko irakurketa, arazoen ebazpen, eta tentsio kudeaketan murgildu nintzen.

Azkenik, ezin ahaztu bizitzako oinarrizko teorietako bat: egiten dena egiten dela, ongi pasatzen saiatu. Horrek eman dio puntu polit bat bideari. Hilabeteetan zehar gure elkarrizketek gai bakarra izan duten arren, esperientzia aberasgarria eta polita izan da ikasketarena. Batean Barasoainera joan etxe bat hartuta, bestean Arantzara, hurrengoan Zarautz, eta besterik ez bazen, Abaltzisketako etxe batean sartu eta hiru-lau lagunek elkarrekin ikasteko erabakia hartu genuen. Inoiz ez nuen taldean ikasi, eta egia esan, probetxua atera diogula esango nuke, bakoitzak bere ekarpenak eginez, pikea sortuz, lagunartean barre eginez, eta buruan giltzatuak geratu zaizkigun momentuak biziz.

Ah, eta nola ahaztu, funtzionario plaza bat lortzea, lan poltsan urtero alde batetik bestera ibiltzeko nekeak kentzea eta lanpostu finko bat ziurtatzea. Nire kasuan, honek ziurrenik garrantzi gutxien izan du.

Eta iritsi zen momentua, egiaren ordua. Ikaskuntza metodologia ezberdinak bultzatzeko garai hauetan, tori, azterketa, bost ordukoa, eta bola baten baldintzapean erlojuaren aurka. Bola diot, 70 gai ezberdinetatik bost bola ateratzen baitira, eta gai horietako bat jorratu behar izaten delako bi orduko denborarekin. Ez baduzu gai horietako bat ikasi, agur. Ondoren, ariketa praktikoak, hiru ordu gehiago.

Eseri, boligrafoa eskuan, orri zuriak parean, kopeta izerditan, urduritasuna barruan, bost bola, bost zenbaki, eta ekin!

Azterketaren emaitza gutxiengoa da (los kojones) baina beno, egin genuen, eta kito! Orain uda gozatzera, etorriko dira erronka berriak, horiekin ere gozatzen saiatuko gara. Etsi gabe, aurrera beti!

«Zilegi bekit, adiskide,

Pentsatzea, esatea,

Harek ez du goroldio

Baizik sortuko

Gure harrizko buruetan…».

Unai Igartua

Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!