Mundura zabaltzeko gogoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 22a, 10:00

Ibarrako Unai Amundarain gazteak 'De mi, para todos' poesia liburua kaleratu berri du; 30 bat lan bildu ditu.

Unai Amundarainek (Ibarra, 1993) De mi, para todos poesia liburua argitaratu du. Beti izan du gustuko idaztea eta zaletasunari forma ematen hasteko aukera izan du Madrilgo argitaletxe bati esker. «DBHn ikasten nengoela kantak idazten nituen, baina ez nengoen erabat gustura, horregatik erabaki nuen iaz poesia idazten hastea». Etxeko bakardadean idatzitako hori lagunartean erakustera animatu zen, eta haien erantzun onak jarraitzeko hauspoa eman ziotela esan du. «Lagunek animatu ninduten idazten jarraitzera eta idatzitako hori blog batean jartzera». Zortea ere izan duela dio Amundarainek, izan ere, Madrilgo argitaletxe batek ikusi zuen bloga: «Idatzitako hori zabaltzeko gogoz jarri nituen lanak mundopoe.webnode.es blogean, baina ez nuen espero hortik ezer ateratzea, ezustekoa izan zen».

Denetik idazten duela dio, ez duela mugatu nahi, «ateratzen zaidan horretaz idazten dut». Liburutegian eta etxean idazten du batez ere, eta irakurtzea maite duela esan du.

De mi, para todos liburuan 29 poema bildu ditu eta oso harrera ona izan du. «Ibarrako kultur etxean aurkeztu nuen eta jende askok hartu zuen liburua. Beste 20 ale ere bidaliko dizkidate aurki, eta Tolosako Denak tabernan jarriko ditut, askok eskatu didate eta».

Rap-a inspirazio

Musika ere maite du Amundarainek, batez ere rap-a: «Rap asko entzuten dut eta nik uste horregatik ateratzen zaidala poesia. Tolosako Glaukoma taldea asko gustatzen zait, eta inspirazioa ere izan da niretzat. Tolosan artista asko daude eta beraiek aitzindariak ere izan dira zentzu horretan». «Kritika egiteko ere baliatzen dut poesia, inguruan ikusten dudan horretaz idazten dut. Gazteek geroz eta gutxiago irakurtzen dute eta poesia are eta gutxiago, badakit egiten dudana ez dela pila bat zabalduko, baina idatzitako hori liburu batean ikusteak ilusio asko egiten dit, eta hori nahikoa da niretzat», gaineratu du.

Oraingoz liburua internetez eta Denak tabernan erosi ahal da, eta aurrerago liburutegietan ere egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!