Lan talde berria du Ibarrako Gazte Zulok

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 21a, 13:11
Argazkia: Ibarrako Udala

Julen Urrestarazu de la Iglesia, Itxaso Orbegozo Garmendia eta Irati Bordagaray Martija izango dira, aurrerantzean, Ibarrako gaztelekuko arduradunak.

Hiru urte eta erdiko ibilbidea du Ibarrako Gazte Zulo gaztelekuak. 2015ean jarri zuten martxan herriko nerabe eta gazteen sustapen proiektua, eta egindakoa «arrakastatsutzat» jo du udalak.

«Zerbitzua egonkortzen joan da eta herriko gazteen erantzuna oso ona izan da, parte hartze zenbakiak beti gorantz joanez. Bide horretan, erreferente bilakatu da Ibarra haur, nerabe eta gazteen parte hartzea sustatzeko zerbitzuan», adierazi du Udalak, ohar bidez. Hein handi batean, arrakasta hori orain arte bertan izan diren «Mikel eta Eneritz hezitzaileen lan onari esker» izan dela diote udal arduradunek.

Pasa den ikasturte honetako izen-ematea erabat arrakastatsua izan zen, eta hori dela-eta, apustu bat egin du Ibarrako Udalak, koordinazioan eta hezitzaile moduan lanaldi osoan arituko den pertsona bat kontratatuz. Helburua da nerabe eta gazteekin egingo den lanketa handitzeko eta komunitatean hobeto koordinatu eta txertatzeko ahalegina egitea.

Beraz, lehendik zeuden lanaldi erdiko bi hezitzaileekin batera, koordinatzaile bat ere ariko da aurrerantzean. Lan horretan, Julen Urrestarazu herritarra arituko da. Gizarte Hezkuntza ikasketak ditu ibartarrak, eta Txiribituko koordinatzaile ere izana da. Orain arte Irungo gaztelekuan aritu da eta kale hezitzaile bezala aritu da azken 3 urteetan.

Orain arteko hezitzaileek ere ez dute jarraituko Ibarran lanean, eta hauek utzitako hutsunea Itxaso Orbegozo Garmendia ordiziarrak eta Irati Bordagaray Martija zubietarrak beteko dute.

Lan talde berria hasia da lanean, eta izan duten «harrera ona» azpimarratu dute. Udako eskaintza zabala prestatu dute, eta gazteekin harremana egiteko aukera ona dela diote.  Aurrera begira ere ari dira lanean, hurrengo ikasturterako lan ildo nagusiak identifikatzen hasiak baitira. Proposamen eta ideia berriak bildu dituzte gaztetxoekin, eta horiekin batera, udalak dituen helburuak uztartuz, proposamen berria landuko dute irailerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!