Alurr taldeko dantzariek hartuko dute Ibarra asteburuan

Ataria 2018ko ekainaren 5a

Ostiralean ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute plazan, 22:00etatik aurrera, eta larunbatean Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute 300 bat haur bilduz.

Alurr dantza taldeak bi urtez behin antolatzen du Dantzari Txiki Eguna eta aurten tokatzen da berriz ere ospatzea. Larunbaterako prestatu dute dantzari txikien eguna 10:00etan hasita. Bidania-Goiatz, Altzo, Berrobi, Faltzes, Lesaka, Deba eta nola ez, Ibarra bertako dantzariak izango dira kalean goizetik. «Plazan lekurik badugu behintzat, herriko dantzariez gain 300 haurren esperoan gaude», esan du taldeko Eli Nosellasek.

Goizean kalez kale ariko dira dantzariak eta ondoren bazkaria egingo dute plazan. 16:00etatik aurrera Gauargi taldearen erromeria egongo da.

Ikasturte amaierakoa

Ez da hori Alurren asteburuko ekitaldi bakarra, dena den. Ostiralean Urrats emanaldia eskainiko dute plazan, 22:00etatik aurrera. «Urrats ikuskizunarekin tradizioari jarraituz ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dugu, urtero bezala», argitu du Nosellasek. Alurreko 11 taldek hartuko dute parte, 150 bat dantzarik. «Aurten gainera fandango eta arin-arin lehiaketako lehen eskolak jasotzen hasi diren gazteek era hartuko dute parte», esan du. Gazteek dantza tradizionalak eskainiko dituztela aurreratu du dantza taldeko kideak, baina euskal pausoetan oinarritutako koreografiek ere izango dutela tokia gaineratu du. «Egun hori urduritasunez eta alaitasunez betetakoa izaten da, izan ere, ikasturte osoko lana erakusten da herrian bertan», esan du.

Ibarran bertan aritu eta gero, igandean, Hondarribiara joango da Alurr dantza taldea. Itsas Etxe Auditorioan Irradak emanaldia eskainiko dute 20:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!