457.000 euroko kreditu-mugimendua onartu du Ibarrako udalbatzak

Ataria 2018ko eka. 1a, 14:51

Gazteen alokairuzko etxebizitzen arautegian hainbat aldaketa egin dituzte.

Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, Ibarrako Udalean eta bertan, besteak beste, gazteen alokairuzko etxebizitzetarako arautegi aldaketa onartu zuten.

Ibarrako atzoko ohiko osoko bilkuran 457.000 euroko mailegu aldaketa egitea erabaki zuen udalbatzak. 2017ko urtea erabat itxi dute jada, eta gerakin bat izan du udalak. Horiek horrela gerakin hori mailegu aldaketa egiteko probestuko dute, hainbat egitasmo diruz hornitu ahal izateko. Udalak nabarmendu nahi izan du zorraren kitapena egiteko moduan izango dela. "Honela, gerakina 101.000 euroko zorraren zati bat kentzeko erabiliko denez, Ibarrako Udala mailegu bakar batekin geratuko da eta modu honetan, zorra kitatzeko epea murrizteko konpromisoa hartuko dugu", esan du.


Gainerako diruarekin egingo dituzten inbertsioak ere finkatu dituzte jada:
• 46.000 euro bideratuko dituzte udaletxean eraberritze batzuk egiteko, barne antolaketari begira: Udaltzaingoa, kontu hartzailetza, gizarte zerbitzuak, bake epaitegia eta harrera, besteak beste.
• 105.000 euro erabiliko dituzte kiroldegia inpermeabilizatzeko.
• 13.000 eurorekin genero indarkeriari aurre egiteko protokoloa egingo dute.
• 63.400 euroko inbertsioa egingo dute Egi eraikineko segurtasun neurrietarako.
• 35.000 eurorekin Euskal Herria 35. zenbakiko jolas parkea eraberrituko dute.
• 11.000 eurorekin Euskal Herria 12. zenbakiko zebrabide berria egingo dute.
• 14.000 eurorekin herrian zehar bizikletentzat aparkalekuak jarriko dituzte.
• 12.000 euro bideratuko dituzte hirigintza proiektuak idazteko.

Honetaz gain, ordenantza fiskalean eta diru laguntzen planean ere onarpenak burutu zituen udalbatzak. Bestetik, gazteentzako alokairuko etxebizitzen arautegi aldaketa ere onartu zen. "Zerbitzua martxan jarri zenetik 5 urte igaro direnean eta zerbitzuaren ezaugarriak hobeto ezagutzen direnez orain, ordenantza eta arautegian hainbat aldaketa egitea onartu da", esan du udalak. Hala nola, oraingoan zerrenda ez da zozketa bidez osatuko, baizik eta eskaerak jasotzen diren ordena errespetatuz esleituko dira etxebizitzak. Bestetik, alokairuaren zenbatekoa ez da igoko, gastu komunenak bariazio bat izan badu ere. Era berean, aurrerantzean ez da animaliarik onartuko eta etxebizitza zein garajea batera joango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!