Sarea osatzen ari dira Aranalde presoaren egoeraren berri emateko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 31a, 09:00

Emakumea eta kartzela mahai ingurua, Ibarran.

Sare ekimenak Ibarrako Maite Aranalde presoaren egoera gizarteratzeko kanpaina abiarazi du; ostiralean ‘Motxila etorkizunez bete’ ekimena burutuko dute, Ibarran.

13 urte dira Maite Aranalde ibartarra espetxean dagoela. Frantzian dago, Rennes espetxean, etxetik 800 kilometrotara. Sarek ibartarren egoeraren berri emateko sarea osatu du Ibarran.

Hilabete daramatzate jendea biltzen eta norbanako asko animatu dira jada, «kirolariak, kantariak, talde feministak, gazte asanblada...», esan dute.

Urtean zehar hainbat ekimen egingo dituzte «Maitek eta bere gertukoek pairatzen duten egoeraren eta eskubide urraketen berri» emateko. Eskubide urraketa horien artean emakume izateagatik duen zigor erantsia ikusarazi nahi dute eta baita «bisitan joaten zaizkion ume kopurua, horrek haurrei ekartzen dien zamarekin, urteetan zehar amonak ezin izan duela bisitatu egin behar diren kilometroak direla eta, sakabanaketaren kostua, eragina...».

Ekimen horietako lehena pasa den astean izan zen, kultur etxean Emakumea eta kartzela, zigor erantsia mahai ingurua egin zuten Kaxkubi emakume taldeak eta Samalda talde feministak antolatuta. Mahai inguruan besteak beste, Eider Ijurko preso ohiak, Maite Aranalderen Gotzone Ijurko amak eta Maria Ruiz antroplogoak hartu zuten hitza.

Hurrengo ekimena bihar izango da. Motxila etorkizunez bete ekimena egingo dute plazako aterpean. «Arratsaldea Maite eta beste preso batzuk bisitatzera joaten diren umeei eskaini nahi diegu», esan dute.
17:00etatik aurrera pilota jokoak eta sokatira erakustaldia egongo dira eta ondoren, txokolate jatea egingo dute. Azkenik, Manu Azkarateren semeak, Eguzkik, hartuko du hitza. Azkarate herriko motxiladun gaztea da eta bere bizipenen berri emango du.

Sarek herritarrei gerturatzeko deia egin die horrela «espetxe politika honek sortzen dituen egoeren berri gertutik jaso ahal izateko eta modu alai batean salatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!