Lauburu, Euskadiko koparik gabe, baina harro

Ataria 2018ko maiatzaren 26a

Euskadiko Txapelketako finala galdu dute Lauburuko neskek. Gogor saiatu badira ere, Santurtzik 2-0 irabazi du, eta beraz, bizkaitarrek lortu dute igoerarako txartela.

Etxeko taldea gogo biziz irten da kantxara, eta lehen minutuetan nagusi izan da jokoan. "Taktikoki oso ongi jarrita zeuden, eta joko ona egin dute", azaldu du Olatz Artola, ibartarren entrenatzaileak.

Bizkaitarrak kanpoaldetik saiatu dira gola egiten, baina Lorena atezain ibartarra bikain aritu da gaurkoan. Pixkanaka santurtziarren presioa gainetik kentzen hasi dira eskualdeko neskak, eta arrisku gehiago sortzeko aukerak izan dituzte. Hutsean amaitu da lehen zatia.

Bigarrenean sinetsi egin du Lauburuk. Eta bigarren zatiaren bigarren erditik aurrera aurrerapauso bat eman dute. Presioa egiten hasi dira, eta neurketa asko parekatu da. 9 minuturen faltan, ordea, etxeko taldearen lehen gola iritsi da. Moretxoek, ordea, ez dute etsi, eta atezain jokalariarekin aritu dira. Asko estutu dute, eta erasoan erabat sartuta ziren. Kontraeraso batean, ordea, Santurtzik bigarrena egin du eta ibartarren ametsa ezerezean utzi du. "Ez dugu etsi eta hortik aurrera ere minutu oso onak jokatu ditugu", azaldu du Artolak.

Euskadiko Txapelketako finalean porrota jaso dute, baina egindako denboraldiarekin pozik eta harro dira. Eta ez da gutxiagorako. Euskadikoa, hurrengo batean izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!