Sokatirara gerturatzeko aukera, larunbatean, Ibarran

Asier Imaz 2018ko mai. 24a, 16:44

Ibarrako Sokatira Taldeak ate irekien jardunaldia egingo du Belabieta kiroldegian; kirol «oso teknikoa» dela erakutsi nahi dute, estereotipoei eta aurreiritziei aurre eginez.

Ibarrako Sokatira Taldeak ate irekien jardunaldia egingo du lehen aldiz. Larunbatean, maiatzak 26, egingo dute, Belabieta kiroldegian, 17:00etatik aurrera. «Beti iruditu izan zaigu jendeak benetan ez dakiela zer den sokatira, eta horregatik antolatu dugu», esan du Ainara Otamendi taldeko kideak. «Sokatira asko lotzen da herriko festetako ekitaldi batekin edo egiten dugun joko horrekin bakarrik, eta sokatira hori baino gehiago dela erakutsi nahi dugu», gaineratu du.

Herritarren jakin-mina ere sumatu izan dutela esan du Otamendik: «Behar bat dela iruditu zaigu, bai jendea sokatirara gerturatzeko eta kirol hau ezagutarazteko, eta baita jendeak probatu dezan ere».

Ate irekien jardunaldia Belabieta kiroldegian izango da, hain justu, taldeak entrenatzen duen tokian: «Han ditugu entrenatzeko erabiltzen ditugun polea, gomak eta materiala, eta hori guztia ikusteko aukera ere izango dute gerturatzen direnek, gure egunerokotasuna erakutsiko diegu». Ibarrako sokatira taldekoen asmoa beraz, kirol hori jendearengana gerturatzea da, bai nola entrenatzen duten erakutsiz, eta baita probatzeko aukera emanaz ere, horrela beste helburu bat ere bete ahal dutela uste baitute. «Sokatira taldean partaide berriak nahi ditugu eta behar bada, probatuta eta kirola bertatik bertara ezagututa animatuko dira», esan du Otamendik.

EMAKUMEEI DEIA

Deialdia guztiz irekia da, baina neskengan jarri nahi izan dute azpimarra. «Sokatiran eta, oro har, kirol guztietan estereotipoak ematen dira eta horren ondorioz edo, emakumeek kirol mundura gerturatzeko errezeloa gehiago izaten dute gai izango ez direla pentsatzen dute. Baina sokatira gizon kuadrilla bat tiraka jartzea baino gehiago da, oso kirol teknikoa da, eta hori erakutsi nahi dugu, emakumeei deialdi berezia eginez. Aurreiritziekin hautsi eta jendeari beldurrik gabe gerturatzeko eskatu nahi diegu», esan du taldeko kideak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!