«Lehen urtea izanda, gozatzea eskatzen diot denboraldiari»

Ataria 2018ko maiatzaren 18a

Irati Romero. MIKEL IRAOLA

Irati Romero: «Hasi nintzenez geroztik patroi lanetan aritu izan naiz. Duela bost urte hasi nintzen arraunean, TAK-en, eta txiki-txikia nintzen, txikiena; zuzenean patroi lanetan jarri ninduten, eta halaxe jarraitu dut, gaur arte».

«Lehenengo aldia dut traineruan, eta oso gustura nabil».

«Oso-oso esperientzia ona izaten ari da. Ontzia desberdina da, eta eguraldiaren eragina askoz ere handiagoa da: eguraldia ona denean, traineruaz gehiago gozatzen da. Horrez gain, taldea handiagoa da eta jende gehiagorekin harremantzeko aukera eskaintzen du, batez ere, Tolosaldetik Oriora egiten ditugu bidaietan; taldea egiteko giltza dira bidaiak».

«Niretzat kontu berria da traineruan aginduak ematearena, eta asko daukat, oraindik, ikasteko. Hernanin ibilitako taldekideak baditugu, eta horien esperientzia aprobetxatzen saiatzen ari naiz».

«Ibaian aritzea edo itsasoan aritzea oso-oso desberdina da. Oraintxe hasi gara, eta asko daukagu hobetzeko; pixkana ari gara».

«Nik, lehen urtea izanda, gozatzea eskatzen diot denboraldi honi: udaz gozatzea, estropadez gozatzea, eguraldiaz gozatzea eta taldeaz gozatzea».

«Harrotasun handia da Tolosaldeko traineruarekin itsasoko lehian aritzea, TAK-en aritzen garen arraunlari guztion ametsa baita, Tolosaldearen izenean traineru bat ateratzea. Lortu dugu, eta espero dugu urte luzez lehian irautea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!