Piperraren ideia faktoria, zabalik

Ataria 2018ko maiatzaren 16a

Ibarran herriko piperraren inguruan lanean jarraitzen dute. Duela hilabete gutxi batzuk Piperraren Mahaia osatu zuten eta orain piperraren ideia faktoria abiarazi dute.

Ibarrako piperraz parte hartze prozesu bat irekitzea da ideia faktoriaren helburua. Hiru zatitan egingo dutela esan du udalak; alde batetik, herriko ekoizleekin elkarrizketak egiten ari dira, bestetik herriko talde desberdinei galdetegiak egin dizkiete, eta azkenik herritarrei irekitako ideien faktoria abiarazi dute, herritarren iritziak jasotzeko.

Azken zati horri dagokionez, kultur etxeko areto nagusia paperekin estali dute, eta asmoa da herritarrak maiatzaren 30a bitarte hara gerturatu eta errotuladoreekin euren iritziak idaztea paperetan. Zer da piperra zuretzat?, zein ekintza egingo zenuke piperraren inguruan?, edo 2025. urtea eta piperra: Nola nahiko zenuke ikusi Ibarrako piperra? galderak erantzun ahal dira abiapuntu bezala.

Udalak herritarrei egin die dei, ekimenean parte hartu eta piperraren bueltan egin beharrekoa guztien artean adosteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!