«Uztearen erabakia momentu egokian hartu dugu»

Iñigo Terradillos 2018ko api. 27a, 07:46

Vendetta taldeak martxoan jakinarazi zuen 10 urteko ibilbidea eta gero agertokiak utziko dituela. 2018ko bira bukatzerakoan emango du bukatutzat bere ibilbidea. Data hori iritsi bitarte kontzertuekin gozatzeko deia luzatu du taldeak. Aretoetako biran daude orain, buru-belarri, eta harrera oso ona jasotzen ari direla dio Ibarrako Enrikko Rubiños taldeko bateria jotzaileak.

Gogorra izan al da Vendetta desegiteko erabakia?

Musikariak gara, zuzeneko musikariak gara gehienbat, eta zuzenekoak uzteko erabakia gogorra da. Poztasunez ere hartu dugu, horrek beste zerbait ere ekarriko duelako. Taldea oso momentu onean dago eta erabakia momentu egokian hartu dugula esango nuke.

Indartsu dagoen momentuan.

Proiektua bizi-bizi dago, topera. Pena puntua ere badu erabakiak. Naturaltasunez hartu dugun erabakia da, hala ere. Taldekide bakoitzak badu beste proiektu eta gai batzuetan sartzeko gogoa edo grina. Erabakia artistikoa izan da, ez bere osotasunean, baina bai %80ean. Proiektu honek eman du eman behar zuena eta bakoitzak badu beste zerbait egiteko gogoa ere.

10 urteko ibilbideak asko eman du; bost disko, arrakasta asko, munduan zehar ibiltzeko aukera...

Ezin gara kexatu. Musika sortzen duzunean ez dakizu zein harrera izango duzun. Gustuko duzun musika sortzen duzu, baina ez dakizu horrek jendearengan zein erantzun sortuko duen. Vendettak geroz eta erantzun hobea izan du eta beraz, oso pozik gaude proiektu honekin. 10 urte, bost disko... nahiko metodikoak izan gara.

Urte hauetako zerekin geratuko zara?

Prozesu bakoitzak badu bere osotasun hori. Niri estudioan grabatzea asko gustatzen zait, disko berri bat aurkeztea ere bai, hori zuzenekoetan defenditzea ere bai, areto txikietan jotzea gustatzen zait, baita jaialdi handietan ere... Gauza bakoitzetik oroitzapen polita gordeko dut, zalantzari gabe.

Ameriketan izan zarete, Europako herrialde askotan... Nola gogoratzen dituzu horiek, munduko txoko desberdinetara joan eta zuen musika eskaintzea, alegia?

Desberdina da Euskal Herrian edo Europan jotzea, desberdina da Ameriketan edo Europan jotzea... Leku bakoitzak badu bere xarma. Europan 60 urteko pertsona bat kontzertua ikusten eta gozatzen ikusi ahal duzu, Ameriketan kontzertuetara joaten dira futbol partida bat ikustera joango balira bezala, hooligan moduan, dena ematera, ero moduan, eta Euskal Herrian gure zaleak ditugu eta kontzertuek geroz eta indar gehiago dute. Espainia mailan ere desberdina da; gure kontzertuetara joaten den jendea Euskal Herrikoak baino helduagoa da.

Euskal Herrian zuen abesti asko oso ezagunak dira, behin eta berriz entzuten dira, udako abesti ere izan dira batzuk...

Udako abestiak baino gehiago izan dira, esango nuke. Oraindik ere zuzenekoetan segun eta zein abesti jotzen dugun, kontzertua lehertu egiten da. Abesti askorekin geratzen den zerbait da, horrek zerbait esan nahiko du; kanta askorekin gertatzen da, horiek jo eta, bat-batean, plaza gora etortzen da. Horrek poztasuna ematen du.

Nola gogoratzen duzu taldearen hasiera?

Skalariak-eko azken etapa gogoratzen dut, hori 2007an izan zen, eta gero etorri zen Vendetta. Skalariak-en geunden Javi (Etxeberria) eta biak, eta Javik bazuen hori utzi eta beste zerbait egiteko gogoa. Luisillo (Kalandraka) ere hor zegoen, eta Ruben (Anton) eta nirekin ere hitz egin zuen, eta aurrera egitea pentsatu genuen. Javik izenak pentsatuta zeuzkan, ordurako kanta batzuk eginak zituen, eta beste elementu bat falta zitzaigun; ez genuen tronpeta bakarrik utzi nahi, badira taldeak uzten dutenak, baina guri iruditzen zitzaigun tronboia sartuta atal horrek indarra hartuko zuela, eta Luisillok Pello (Reparaz) ezagutzen zuen Sakanatik, txarangetan jotzen zuela eta... eta deitu egin genion. Froga egin eta zuzenean bi kanta grabatu genituen Iruñeko bilduma batentzat. Hor hasi zen.

Eta honek etorkizuna izango zuela ikusi zenuten...

Egia esan ez genekien, garbi geneukan jarraitu nahi genuela eta bilduma hori Iruñerriko talde batzuena zen, El daño está hecho izena zuen, eta hortik hasi ginen tabernetan jotzen, gaztetxean eta abar. Pixkana-pixkana aurrera egiten joan gara. Egia esan ez genekien zer ekarriko zuen eta egia esan erantzuna oso ona izan da.

Lehen diskoa 2009an atera zenuten. Hor hasi al zineten sumatzen egiten zenuenak oihartzun bat eduki zezakeela?

Egia da bigarren edo hirugarren diskora arte ez dakizula benetan jendearengana iritsi den ala ez. Lehen diskoarekin Txantreako Akelarre kulturgunean egin genuen kontzertu bat, eta bertan Mariano Goñi zegoen, Gor diskoetxeko nagusia, kontzertua ikusi eta berak esan zigun grabatuko zigula diskoa. Grabatu genuen eta atera zen, baina jakin gabe zer ekarriko zuen, hori ez dakizu. Lehen disko hori aterata imajinatu ere ez nuen egiten honaino iritsiko ginenik. Bigarrena atera eta ikusten duzu proiektua aurrera doala, hirugarrena ere badatorrela... Hor ikusten duzu pisua hartzen ari den proiektu bat dela, eta orduan konturatzen zara, baina bestela dena inertziaz egiten duzu.

Vendettak zure bizitzako parte handi bat suposatuko du, ezta?

Oso handia bai, denbora asko eramaten du. Denbora asko inbertitzen duzu honetan, geroz eta gehiago. Ez baita musika bakarrik; musika, diskoa, merchandisinga, zuzenekoak, zuzenekoetara joan, furgoneta, bidaiak.... gauza asko daude. Gu ez gara kontzertuetara iristen, jo eta listo, lan asko dago atzean. Dena antolatu behar da.

Eta horri gehitu behar zaio partaide bakoitzaren bizia...

Skalariak-en eszenatoki gainean zortzi ginen eta pentsatu entseatzeko nola ibiltzen ginen zortzi pertsonak lotzeko... Eromen bat zen. Orain bost pertsonako taldearekin ere nahiko lan izaten dugu.

Zein momentutan dago Vendetta, agurraz harago?

Nik uste orain gaudela puntu gorenean. Denbora guztian izan da gorako aldapa bat. Ez dugu inoiz sumatu erortzen egon garenik.

Eta zer esan dizuete taldea uzteko erabakia plazaratu duzuenean?

Gehienek esan digute pena handia eman diela, baina gauzak hasi bezala, bukatzen dira eta ez dago inongo gauza arrarorik prozesu honetan, prozesu natural bat izan da. Animoak eman dizkigute eta abar, baina guk dena oso ondo pentsatua geneukan.

2018a kontzertuz kontzertu emango duzue, zein harrera izaten ari zarete?

Aretoetako kontzertuetan gaude orain eta ohiko kontzertuak baino pixka bat luzeagoak dira, tartean akustiko bat sartzen dugu... Jaialdi batera eramatea zaila den formatua da. Aretoetan detaile txiki horiek guztiak zaintzea gustatzen zaigu. Urtarrilean edo etorriko da benetako agur kontzertua eta hori bai izango dela kontzertu berezia; handia. Oraindik lotzen ari gara guztia, baina potentea izango da, ziur.

Diskoak grabatzearena asko aldatu al da urte hauetan?

Grabazio prozesua nik egin ditudan disko guztietan oso antzekoa izan da. Desberdina izan zen Skalariak-en azkena, zuzenekoa zelako, Bartzelonan, soinua eta irudia hartu behar zen kontuan. Hori desberdinagoa izan zen, baina bestelakoan kontzertuak teknikoki antzekoak izaten dira. Behar bada aldaketa da ekipoetan, agertokiko tresnerian... eta horretan egon da aldea, hobetu dugu. Zuzenekoak orain ikusgarriagoak dira. Hemen dauden soinu eta argi enpresek inbertsio handiak egin dituzte, material berria bilatzen ari dira denbora guztian... ikusten da dezente hobetu dela.

Kontzertuetan eman da aldea, baina baita musika entzuteko moduan ere. Diskoak bere horretan desagertzear daude...

Asko aldatu da hori, eta esango nuke, gazte jendeak batik bat, jada ez daukala diskoaren kontzeptua, kantuak ditu. Mugikorrean kantuak ditu eta listo. Guk diskoa atera, 10-12 kanturekin, eta jendearengana hiruzpalau iristen ziren. Jendeak ez dauka disko kontzeptu hori. Nire garaian disko bat erosten nuenean bere osotasunean entzuten nuen, baita gaur egun ere. Baina gazteek ez dute hori, galdu dute. Single moduan funtzionatzen duten kantak nahi dituzte mugikorrean.

Zu diskoak erosi eta entzutekoa zara, beraz.

Nik erosten ditut eta entzun, osorik. Disko bat egiten duzunean, normalean, kanta bat bestearekin lotzen saiatzen zara, zerbaitengatik egongo dira hamar kanta elkarrekin, pakete batean... orri erreparatzea gustatzen zait.

Euskarriak aldatu direla, CDa hilzorian dago...

CDek oraintxe txoriak uxatzeko balio dute, balkoietan. Guk orain dela hiruzpalau urte erabaki genuen gure musika doan eskainiko genuela, webgunean jartzen ditugu abestiak doan, deskargatzeko. Egia esan beti izan da panorama beltza, disko etxeena eta disko fisikoen gaia, duela urte dezentetik entzuten den zerbait da, baina nik esango nuke orain azkenekoetan dagoela. Gainera plataforma digital batzuk daude oso soinu kalitate onekoak, Spotify edo Deezer eta horrelakoak. Dena oso kuota eroso baten truke ematen dute, nahi adina musika entzun ahal duzu... Betiko disko fisiko horiek erromantikoentzat dira.

Zuzenekoak dira ogibidea ateratzeko bidea.

Zuzenekoengatik egin genezake aurrera, badaude egile eskubideak direlakoak ere, baina, batez ere, zuzenekoek ematen digute dirua. Oraintxe bertan taldea zuzenekoetatik bizi da, bestela Rolling Stones edo AC/DC bezalako taldeak ez ziren errepidean egongo.

Ikusten al duzu zure burua adin batekin errepidean?

Musikaria naiz eta jotzen jarraituko dudala oso argi daukat, ez dakitena da erritmo edo intentsitate berarekin izango den. Momentuz indarra daukat jotzeko eta biratan jarraitzeko, gero ikusiko dugu. Arlo desberdinak ere badaude, gure zirkuitua nahiko kañeroa da, gauetan jotzen dugu, astebururo, kilometro asko egiten ditugu...

Erritmo bizia...

Dena kontrolatu behar duzu, esaterako aretoetan egiten ari garen bira honetan sarrerak nola doazen eta abar begiratu behar da. Egia da horretarako bulego bat ere badugula eta hori egiten dutela. Areto guztietan ekipamendu teknikoa ere ez da berdina eta horregatik gure teknikariek joan behar dute, ikusi, antolatu, erabaki behar dugu jo ala ez jo...

Gogorra.

Gogorra eta polita, oso polita da lanbide hau.

Etxekoek nola hartu dute etetea?

Penaz. Andreak esan zidan uste zuena baina pena handiagoz hartu duela berria. Berak karga handia du, ni etxean ez nagoenean etxeko erritmoa eramaten du eta hiru seme-alaba ditugu.

Eta seme-alabek?

Semeak zaharragoak dira eta penaz hartu dute. Gustuko dute eta orain kontzertu guztietara etorri nahi dutela esaten didate. Asko gustatzen zaie. Txikiak 7 urte ditu eta beste gauza batzuk nahi ditu, txikia da oraindik.

Musikari izatera animatzen dituzu?

Nahi dutena egin dezatela. Egia da musika ikastea kultura dela. Horretara bultzatu ditut pixka bat, zaharrenek pixka bat gehiago hartu dute txikiak baino. Orain ari da horretan. Zaharrenak baxua jotzen du taldea batean, zerbait geratu zaiola ematen du, baina ez ditugu ezertara behartzen.

Skalariak eta Vendetta aipatu ditugu, baina talde gehiagotan ere aritu zara, beti ska doinuen inguruan?

Talde profesionaletan, nolabait esateko bai, Skalariak eta Vendetta ska taldeak dira. Beste estilo batzuetako taldeetan ere aritu naiz, rocka edo heavya landuz. Blues talde bat izan nuen Cesar Roka eta Iban Alzaterekin; Donostiako folk proiektu bat ere badugu, nahiz eta orain geldirik dugun; orain bluesaren munduan dabilen Iker Pirisekin metal talde bat osatu genuen... Entseguetan geratu ziren proiektu batzuk, beste batzuk aurrera egin zuten...

Eta musika irakasle ere bazara, ezta?

Udal musika eskola askotan eta herri askotan ibili eta gero, nire eskola propioa irekitzea erabaki nuen, eta irailean hasi nintzen. Ibarran ireki nuen, Tarukutraku. Oso gustura nabil, ikasle asko ditut, ikasteko gogoekin, garrantzitsuena dena, etxetik gertu egiten dut lan... Bateriara lotuta dago, batez ere.

Zuk, zergatik aukeratu zenuen bateria?

Oso argi izan dut beti, ez dakit zergatik, nire aita akordeoilaria da, teklatua jotzen du... eta bateria ez dut inoiz etxean eduki. Perkusio klasikoko karrera egina daukat eta bateriako klaseak jaso ditut, asko. Perkusioak lan asko ematen du ikasteko. Tronpetista batek tronpeta joko du, ikasiko du eta horretan ariko da, baina perkusionista batek instrumentu pila bat jo behar ditu eta instrumentu bakoitzak bere teknika dauka. Ni erosoen baterian nago.

Eskoletan ere aritzen zara ikastaroak ematen.

Tolosako Laskorain ikastolan eta Ibarrako Uzturpe ikastolan aritzen naiz. Eguerdietan batukadako klaseak ematen ditut, 10 umeko taldeak dira eta eromena izaten da. Lan polita da.

2018ko bira bukatzerakoan zer?

Auskalo, baina pare bat proiektu ditut buruan eta bat nahiko aurreratua dago. Diskoa grabatzekotan gaude epe laburrean. Udara honetarako zerbait esango dugu eta diskoa Durangoko Azokarako egon daiteke. Giro bereko jendea elkartu gara eta estiloa ska kutsukoa izango da, bere berezitasunekin, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!